Condesa taldeko Zalain Transformados lantegiko Langileen Batzordea deituta, mobilizazioak egiten ari dira langileak, etorkizun duinaren alde eta 95 langile kaleratzeko zuzendaritzak egin duen mehatxuaren kontra. Hala, bortz egunez lanuzteak iragarri dituzte eta horietako batzuk egin dituzte dagoeneko. Otsailaren 26an batzarra eta manifestazioa egin zituzten, Zalaindik Berara. Asteazken honetan ere, hilak 3, lanauzteaz gain, batzarra eta manifestazioa egitekoa zuten Lesakan.
Ortzegunean, hilak 4, Gasteizera joanen dira. Ama Zuriaren Plazan elkarretaratzea eginen dute 11:30ean eta manifestazioa ondotik. Lanuzteko hondarreko egunak martxoaren 16a eta 17a izanen dira.
‘Urteak mehatxupean’
Langileek salatu dutenez, «urteak daramazkigu mehatxupean. Zalain Transformados lantegia Condesa taldeak hartuz geroztik, 180 lanpostu galdu ditu, 480 langiletik egungo 300era pasatuz, eta gehiago kaleratzeko mehatxuak bere horretan darrai». Izan ere, kopurua aldatzen bada ere, beti langileak soberan daudela diote zuzendaritzatik: «2007an 136 sobera ziren, 2008an 118, 2009ko uztailean aurkeztu zigun txostenean 140, 2010erako EREa aurkezteko txostenean 105 ziren eta azkeneko bileran adierazitakoaren arabera 95». Dena den, Langileen Batzordeko presidente Xabier Bujandak gogoratu duenez, «Zalaingo enpresak galerak izan ditu azkeneko bortz urteetan, beraz, ezin erran gaur egungo egoera krisiagatik dela. Krisiak berezko egoera kaxkarra areagotu bertzerik ez du egin. Horregatik, lantegiak etorkizuna duen ala ez zehaztea eskatzen diogu enpresari». Langileen etorkizuna ez ezik, enpresarena ere arriskuan izan daitekeela uste du Enpresa Batzordeak.
Produkzioa beheiti
Urteko produkzioa 111.000 tonatik oraingo 40.000 tonara jautsi dela ere salatu dute langileek, Condesak hartutako erabakien ondorioz. «Lehen hainbat motatako hodiak egiten genituen, baina produkzio gehiena bertze lekuetara bideratu eta Zalainen autogintzarako hodi kalibratuarekin bakarrik gelditu gara. Condesa osoan hodi hori egiten dugun bakarrak gara, baina produkzioa ttikia da».
Zalaingo langileak erregulazioan egon ziren 2009ko maiatzaren 25etik abenduaren 31ra, inolako osagarririk gabe eta orain baldintza beretan bertze ERE batean daude irailaren 30a arte, «komitearekin adostu gabeko EREa». Langileen Batzordeak zuzendaritzak egiten duen «plantillaren erabillpen gehiegizkoa» kritikatu du eta Nafarroako Gobernuak Zalaindik aurkeztutako erregulazio txostenei «inolako zorroztasunik gabe» erantzun diela uste du, «inolako disimulurik gabe ugazabaren alde erabakiz eta Langileen Batzordeak aurkeztutako kontratxostenak kontutan hartu gabe».