Amuarrain gutti dagoelako, hirugarren urtez segidan, horien arrantza debekatu du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak. Baina 2011n baimenduko duela iragarri du, hori bai, kontrol neurri batzuk ezarriz. Neurri guztien artean debekua da eztabaidatuena, baina ez bakarra, izokinen arrantza denboraldia apiriletik maiatzera gibeleratu baitu.
Nafarroa iparralde osoan galarazi du Nafarroako Gobernuak amuarrainen arrantza, «espezie hau berreskuratzen segitzeko». Horrela arrazoitu du Begoña Sanzberro Ingurumen Departamentuko kontseilari baztandarrak aurtengo debekua. 2007arekin alderatuz, amuarrain kopurua %15,35 igo dela jakinarazi du, baina oraindik ere «nahi baino beherago» omen dago. Gobernuak utzitako datuen arabera, bataz bertze 1.886 amuarrain dago hektareako, eta ez da nahikoa: «2.000 eta 4.000 artean beharko litzateke».
Dena den, hiru urtez galarazi ondotik, heldu den urtean amuarrainen arrantza baimenduko duela iragarri du, baina oraindik zehaztu gabe dauden kontrol neurriak finkatuz, errekan sartzen den izokin kopuruaren arabera. Horretarako Ingurumen Saila bilerak egiten ari da arrantza elkarteetako ordezkariekin, eta lehenbizikoa otsailean egin bazen, bigarrena hilabete honetan edo hurrengoan egitekoa da.
Debekua, ordea, ez da arrantzaleen gustukua. 1.040 bazkide dituen Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartean, adibidez, «arrunt gaizki» ikusten dute, Joseba Moreno lehendakariak azaldu digunez. «Arazorik haundiena ez da amuarrainena, kudeaketarena baizik». Bere irudiko, «azken 20 urteotan kudeaketa desastrea izan da. Batetik, ez dituzte lehen bezala botatzen arrautzak eta arrainak, eta bertzetik, gero eta lertxun gehiago dago eta horiek hiltzea debekatua dago eta amuarrainei erasotzen diete». Iruñeko arrantzaleez ere ez da atzendu: «arraina hartu eta gero botatzeko etortzen dira, eta horrek ez digu mesederik egiten».
420 bazkide dituen Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko lehendakaria da Juan Otamendi eta beretzat ere «normalena arrantzatzea» izanen litzatekeela iritzi arren, debekua «onartzen» duela aitortu digu. Bere hitzetan, «azken urteotan bezala arrantzan segituz gero, amuarrainak denbora guttirako izanen ziren. Garai batean, errekaren lautik hiru arrantzatu gabe gelditzen zen, eta amuarrainak defendatzeko aukera gehiago zuen. Gaur egun, berriz, metodo berriekin arrantzalea erreka osoan ibiltzen da eta astakeriak egiten ditu». Halere, Morenok bezala, Administrazioaren erabakiak kritikatu ditu: «Ingurumen Saileko teknikarien neurriak txarrak izan dira, emaitza onik utzi ez duten debekuak baino ez dira egon».
«Oztopoak jarriz, Gobernuak pixkanaka jendeak ez arrantzatzea nahi duela» pentsatzen du Jose Ramon Jimenez Goizuetako arrantzaleak. Eta horrela, eurek ttikitatik ezagutu duten «kultura» galdu eginen delakoan dago. Gobernuaren kudeaketa ere salatu du: «beste gauzei eman diete lehentasuna, eta eskutik joan zaie arazoa. Ez dute ongi kontrolatu, ez dute birpopulatu... Eta emaitzak ikusi dira». Arazoaren errua Gobernuari egotzi dio: «beste alorretan ‘politika’ egiten ibili da, hau da, inbertsioak beste alorretan egin ditu arrantzak ez dielako ezer ematen. Gaineratu duenez, «debekatu zenetik hiru urte pasatu dira eta datuak arrunt txarrak izandu dira». Argi azaldu du bere ondorioa: «ez du ezer lortu. Diru gutxi gastatu dute eta gu gure afizioarekin gozatu ezinik».
Debekuen eraginez, Goizuetan arrantzarako afizioa galtzen joan dela ere nabarmendu digu. 200 bazkide ditu egun Ehiza eta Arrantza Elkarteak, baina horien artean arrantzarako afizioa ez omen da haundia: «oztopoak jarri ditu eta jendea desanimatu egin da».
Presak eztabaidan
Presak botatzeko erebakia kritikatu du bere aldetik Baztango lehendakariak. Ur konfederazioaren aginduz, erreken egoera hobetzeko eta uholde arriskuak saihesteko presak kentzen ari dira. Morenorentzat «ehun urte edo gehiago badituzte presa horiek eta lehenago arraina bazegoen». Gainera, «espezie erasotzaileak ez etortzeko oztopo izan dira, adibidez, pazifikoko karramarroa». Presak mantentzearen aldekoak dira, eta hortaz egin zituzten Lekarozko presarien inguruan txostena eta Oharrizko presa ez botatzeko eskaera.
Birpopulazioa: "ez da nahikoa"
2008-2009 denboraldiko birpopulazioaren datuak ere eman ditu Ingurumen Sailak. Hala, amuarrainen kasuan, 242.000 arrautza eta 130.000 amuarrain ttiki bota ziren. Eta izokinetan, 132.200 alebin eta 71.000 pinto. Arrantzaleentzat, baina, aski ez. «Datuek erakutsi dute egiten duten birpopulazioarekin ez dela deus lortzen», dio Morenok. «Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian izokinak eta amuarrainak hazten dira, baina errekara bota eta hortik hiruzpalau hilabetera hiltzen dira». Horren arrazoia bistakoa da baztandarrarentzat: «haztegian jatekoa hartzera ohitua dago eta errekara botatzean defentsa gabe gelditzen da, ez dakite jaten eta gainera, harrapariak izaten dira». Uste berekoa da Otamendi ere: «milaka kilometro egin behar izaten dituzte eta defentsarik gabe baldin badaude, hilabete bat lehenago arte haztegian bizitu direnek emaitza ematea hagitz zaila da. Hori onartzea kostatzen zaio Administrazioari».
Baztanen ez dute amuarrainak birpopulatzeko neurririk hartzen, baina bai izokinak. Eta hori berria da: «Gobernua izokinak Erratzuraino botatzen hasi da eta guk ez dugu sekula ikusi izokinik hemen». Bidasoan, aldiz, azken bortz urteetan egin da bai amuarrainena eta bai izokinena ere, «baina ez nahikoa», dio Otamendik: «Ingurumen Sailak diru aunitz du baina inbertitzen asmatu behar du eta ez du ongi egiten. Arrantza elkarteek diotena kontuan hartuz, aunitz ikasiko luke».
Urumean ere «gutxi» birpopulatzen dela erran digu Jimenezek, «ezer ez». Horrez gain, arazoaren gibelean hainbat faktore daudela aipatu du: «errekak ur gutxirekin heldu dira, zentralak ura hartzen ari dira baina ez dute gutxieneko ura botatzen, ezkutuko ehiza ere asko egiten da, amuarrainak jaten dituzten piztiak ugaritzen ari dira…».
Uraren kalitatea eta kopurua
Uraren kopuruaz eta kalitateaz mintzatu zaigu beratarra, ibaian arrainak izateko beharrezkoak diren bi ezaugarriz, alegia. «Kalitateari dagokionez, Bidasoa orain 15 urte baino hobeki» dagoela uste du, «lehen enpresek ez baitzuten oraingo kontrolik». Baina kopuruak kezkatzen du Otamendi. «Bidasoari ibaiadarrak kentzen ari gara eta hori larria da». Gaineratu digunez, «Bera inguruko ibaiadar eta iturburu guztiak hartuak dira, eta orain Bera eta Lesakako ur arazoak hornitzeko bertze bi erreketatik ura hartuko dela jakin dugu eta gu horren kontra gaude». Beratarraren arabera, horrek Bidasoari aberastasuna kentzen dio: «ur fresko eta garbi hori gabe, Bidasoaren tenperatura 24 gradutara igotzen da, eta tenperatura horretan, amuarrain eta izokinek bizirautea zaila da. «Errekaren etorkizuna, uraren kopuruan eta kalitatean dago».
Jimenezek, berriz, argi du ez dela arrantzalea kaltea eragiten duena: «dena traba da, baina arrantzalea ez da errekari min egiten diona».
Aldaketak izokinen arrantzan
Maiatzaren 1ean hasiko da izokin denboraldia Bidasoan
Garai batean, otsailean hasten zen izokin denboraldia. Gero, ordea, martxoko lehen igandera aldatu zen, eta hirugarren igandera beranduago. Azken urteotan apirilaren 1arekin hasi izan da, baina aurten maiatzaren 1era gibeleratu dute. Kupoa ere jautsi dute, 60tik 20ra. Honen harira, zera erran digu Otamendik: «urte baterako baldin bada, tira». Baina maiatzean zabaltzea «exajeratua» dela aipatu digu, «azken 30 urteotan datuek bataz bertze martxotik maiatzera hiru izokin arrantzatu direla diote, baina maiatzera arte gibeleratuta, errekara joateko askatasuna kentzen digute». Morenoren hitzetan martxoa da hilabete onena: «arrainak badaude eta ura ere bai». Edonola ere, maiatzaren 1ean hasi eta uztailaren 18an bukatuko da denboraldia, aitzinetik 20 aleren kupoa gainditzen ez bada.
Kupoa 1988an ezarri zen lehenbizikoz, eta geroztik arrantzatu den kopururik altuena 2001ean egin zen, 69 guztira. Jakingarri gisa, aipatu, 1944an 302 izokin arrantzatu zirela eta 1982an bakar bat ere ez.
Juan OTAMENDI - Berako arrantzalea
«Ingurumen Sailak diru aunitz du, baina inbertitzen asmatu behar du»
Joseba MORENO - Baztango arrantzalea
«Arazorik haundiena ez da amuarrainena, Gobernuaren kudeaketararena baizik»
J.R. JIMENEZ - Goizuetako arrantzalea
«Denak trabak dira, baina arrantzalea ez da errekari min egiten diona»