Nafarroako bertsolari txapelketako bigarren finalaurrekoa Iruritan jokatuko da larunbatean

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 26a

Xabier Legarreta aranoarrak lehen saioa irabazita sailkatu zen finalaurrerako. TTIPI TTAPA

17:30ean Gizarte Bilgunean ariko dira Aleman, Olaetxea, Legarreta, Zelaieta, Luze eta Ibarra

Etxarri Aranazko lehen finalaurrekoaren ondotik, Baztan bailarak hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lekukoa. Hain zuzen Iruritako Gizarte Bilgunean jokatuko da Txapelketako bigarren finalaurrekoa, datorren larunbatean, otsailak 27, arratsaldeko 17,30ean.

Bertan sei bertsolari izanen dira, tartean Iñaki Aleman iruritarra. Iñakirekin batera, Iñigo Olaetxea eta Xabier Legarreta bertsolariak, Txapelketako bi beterano eta azken urteotako ohiko finalistak. Julen Zelaieta beratarra, 2008ko txapelduna eta finalean egotea zer den dakiten bi bertsolari; Iñigo Ibarra, 2005ean finalista eta Migel Mari Elosegi “Luze”, 2007an eta 2008an finalista izandakoa.

Lehen sailkatuak zuzeneko txartela lortuko du Lesakako finalerako eta gainontzeko bostak puntuazioen zain egon beharko dute, Atarrabiako finalaurrekoan erabakiko baita zortzi finalistak nortzuk izango diren.

Takila, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da. Bertan aukera izango da bai saiorako sarrerak eskuratzeko eta baita finalerako sarrerak eskuratzeko ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun