Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketetako finalak jokatuko dira larunbatean Azpeitian

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 26a

Olano eta Saralegi, zilarrezko finalean izanen dira. TTIPI TTAPA

Kategoria nagusian Larretxea aita-semeak izanen dira eta bigarren mailan Saralegi eta Olano leitzarrak

Urrezko Aizkolarien binakako txapelketako finalak jokatuko dira otsailaren 27an, larunbat arratseko 20:00etatik aitzinera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, lehen eta bigarren mailan.

Lehen mailako kategorian, Urrezko mailan, Donato eta Oihan Larretxea aita-semeak ariko dira alde batetik eta Jose Mari Olasagasti eta Jose Etxebeste igeldoarrak bertzetik. Donato Larretxeak azkeneko bi urteetan Atutxa II.arekin batera lortu duen txapela defendatuko du, oraingoan Oihan semearekin. Asteasun eta Elgoibarren jokatutako finalerdietako denborak ikusiz, final borrokatua espero da, baina kontuan hartu behar da ez dutela lan bera izanen azken saio honetan. Zutikako enborra, erraterako, 60 ontzakoa izatetik 72 ontzakoa izatera pasako da eta abiadurako mozketan, 60 ontzako bi enbor moztu beharrean 80 ontzakoa moztuko da txanda librean. Azkeneko proban, sei enbor moztetik zortzi enbor moztera pasako dira, 45, 54, 60 eta 72 ontzako bina enbor, hain zuzen.

Gipuzkoarrek azken proba horretako hamasei enborrak plazaratuko dituzte eta Larretxeatarrek, berriz, bertze bortz probatako enborrak eramanen dituzte.

 

Zilarrezko mailan, leitzar eta mutrikuarren arteko lehia

Zilarrezko mailan ere izanen da eskualdeko ordezkaririk finalean. Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano leitzarrak, Mutrikuko Olatz auzoko Ugaitz eta Aratz Mugertzaren kontra ariko dira. Hemen, azken proba bakarrik aldatuko da eta sei enbor moztu beharko dituzte, 54 ontzako lau eta 60 ontzako bi. Final honetan ere lehia estua espero da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun