Euskal Herritik joandako sokatira taldeek emaitza bikainak lortu zituzten ortzegunean Cesenaticon (Italia), TWIF-ek antolatutako Munduko sokatira txapelketaren lehen jardunaldian.
Gizasemeen 560 kiloko kategorian, Bizkaiako Abadiñok lortu zuen urrezko domina eta Amaiurrek zilarrezkoa. Pisu horretan, hamabost talde aritu dira sokan sailkapen ligaskan, bi multzotan banatuta. Hamabost talde aritu dira lehian, eta horietatik bortz, Euskal Herrikoak izan ziren: Abadiño A eta B (Abadiño, Bizkaia), Amaiur (Nafarroa), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia).
Lehen multzoan zortzi talde lehiatu dira, eta tartean, Sokarri eta Abadiño B aritu ziren. Sokarri laugarren sailkatu da eta Abadiño B zazpigarren; biak ala biak finalerdietatik kanpo geratu dira. Lehen postuan Richhill (Ipar Irlanda) sailkatu da, eta bigarren, Cockhill (Irlanda). Bigarren multzoan, berriz, zazpi talde lehiatu ziren, eta tartean, Abadiño A, Amaiur eta Ñapurrak euskal taldeak. Hain zuzen ere, bizkaitarrak eta nafarrak lehengo bi postuetan sailkatu dira hurrenez hurren, eta finalerdietarako sailkatu dira. Amaiurrek, hala ere, parra egin du Clonmany (Irlanda) taldearekin, biek 18 tantorekin akautu dutelarik. Kitarakorik ez denez jokatzen sailkapen ligaskan, talde bakoitzak egindako faltak hartu dira aintzat, baina horretan ere parra egin dute. Beraz, hirugarren aukerara jo dute, talderik arinena zuenera alegia, eta horretan nafarrak arinagoak zirenez, Amaiur sailkatu da bigarren postuan. Ñapurrak taldea bere aldetik bosgarren sailkatu da eta ez du finalerdietarako sailkatzea.
Finalerdietan, Abadiño A-k Cockhill kanporatu du eta Amaiurrek Richhill. Ondorioz, finala Abadiño A-k eta Amaiurrek jokatu dute. Bi tiraldi gogor jokatu dituzte eta bietan gailendu dira bizkaitarrak, 3 minutu pasatxoan.
Emakumezkoen 540koari dagokionez, berriz, urrezko domina lortzetik hurbil izan da Badaiotz finalean, baina pisuan 40 kilo behetik aritu dira gasteiztarrak eta mendean hartu ditu Txina Taipeik. Gainera, Sakana eta Beti Gazte finalerdietan aritu dira, eta sakanak kolkoratu du brontzezko domina. Ondorioz, txapelketako lehen lau dominak lortu dituzte euskal taldeek.
Ortziralean azken aukera
Gaurko jardunaldiari dagokionezm (otsailak 26), goizean gizonezkoen 600 kilo eta emakumezkoen 500 kiloko txapelketak jokatuko dira, eta horietan ariko dira txapelketan diharduten euskal taldeek. Bi pisu horietan ongi moldatzen dira euskal taldeak, eta, gutxienez, gaurko emaitzak errepikatzea espero da.
600 kilokoan, Abadiño A eta B (Abadiño, Bizkaia), Amaiur (Nafarroa), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia) ariko dira lehian.
Orain dela bi urte Faenzan jokaturiko 2008ko Munduko Txapelketari erreparatuz, Abadiñok urrezko domina kolkoratu zuen.
Emakumezkoen 500 kilokoan Badaiotz, Sakana eta Beti Gazte lehiatuko dira. Aipatzekoa da Badaiotzek irabazi zuela Faenzan pisu arinenean, orduan 480 kilotan. Tartean zen Idoia Maritxalar lesakarra ere.