Lanean hasi da Kasiko elkarteko Zuzendaritza Batzorde berria eta horren seinale, urtero egiten den barrikotea antolatu du otsailaren 27rako, larunbat arratserako. Ohi bezala, sagardotegiko egun baten gisakoa izanen da, sagardo kupel eta guzti. Afariko menua ere sagardotegikoa izanen da: txistorra sagardo erara, bakailaoa, txuleta, gazta, intxaurrak eta irasagar-gozokia, kafea eta kopa. 21:30ean hasiko da afaria.
Izen-ematea
Kasinok antolatzen duen ekitaldien artean, arrakastatsuenetakoa da barrikotea eta jende andana erakartzen duena. Izena emateko azken eguna otsailaren 24a, asteazkena, izanen da. Titi ostatuan dago zerrenda eta apuntatzerakoan 10 euroko fidantza utzi beharko da. Gehieneko kopurua 70 lagunekoa izanen da, eta izen-emateko zerrendaren ordena segituko da horretarako. Ardoa eta menuan sartzen ez diren bertze osagarriak aparte ordaindu beharko dira.