Amaiur eta Beti Gazte Italian ariko dira ortzegun eta ortziralean

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 24a

Amaiur eta Beti Gazte Italian dira, ortzegun eta ortziraleko tiraldietarako prest. TTIPI TTAPA

Nazioarteko esperientzia hartzea dute helburu eta dominak amets

Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa aste hondar honetan bukatuko da, eta horren ondotik, Italiara bidean dira Amaiur eta Beti Gazteko sokatira taldeak. Izan ere, otsailaren 25etik 28ra Cesenaticon jokatuko den Munduko Sokatira Txapelketan parte hartzekoak dira Amaiurko gizonezkoak eta Beti Gazteko emakumezkoak, 560 eta 600 kiloko kategorietan baztandarrak eta 500 eta 540 kiloko mailetan lesakarrak.  Ortzegun eta ortziralean kluben arteko txapelketa izanen da eta horretan ariko dira bi taldeak. Asteazken arratsaldean egitekoak dituzte pisaketa ofizialak. Ortzegunean pisu arinenetan lehiatuko dira eta ortziralean astunagoetan.

 

Amaiurrentzat bigarrena, 15 urte beranduago

Munduko txapelketa batean parte hartzen duen bigarren aldia du Amaiurrek. 1995ean  izan zen aitzinekoa, Gasteizen. «1994an Euskal Herriko txapela jantzi genuen 600 kilokoen kategorian, baina ondoko urtean, ez ginen sobera prestatu, eta nahiz eta tirada onak egin, ez ginen finaletara pasatu», azaldu digu Joxe Urrutia entrenatzaileak.

12 laguneko taldea joanen da Italiara: Fermin Iparragirre, Joxean Iriarte, Iñaki Iriarte, Oskar Telletxea, Juanma Irigoien, Joxemiel Bengoetxea, Auxtin Ariztia, Mieljoxe Ariztia, Iñaki Urrutia, Esteban Mendiburu tiratzaileak, Joxe Urrutia entrenatzailea eta itzultzaile bat. Gainera, Italian izanen ez bada ere, Mikel Altzuri prestatzaile fisiko beratarrak egin duen lana ere goraipatu nahi izan du Urrutiak.

Zaila ikusten du Joxe Urrutiak finaletara pasatzea, maila haundia baitago Euskal Herritik atera gabe ere: «Gu baino goitirago dagoen talde bat badugu Euskal Herrian, Abadiño, eta Iparraldeko Ñapurrak ere joatekoa da eta gure gibeletik izanagatik, arras hurbil dago. Atzerriko taldeak nola dabiltzan ez dakit, baina zaila izanen da finaletan sartzea».

Ez da Amaiurren helburua dominak lortzea, baina «serioxeago» entrenatu dute aurten, eta ikasitakoarekin «esperientzia hartzera» doazela aipatu digu Urrutiak.  Halere, kontent dago taldeak Abadiñoren kontrako azken tiraldietan eman zuen itxurarekin eta «sasoiko eta moralarekin» doazela aipatu digu.

 

Beti Gazteko neskak estreinakoz

Munduko txapelketa batean parte hartzen duen lehenbiziko aldia izanen da Beti Gazteko neskentzat. Baina gogor egiteko prest daude: «Ahalik eta hobekiena ibili nahi dugu», erran digu Paxkual Taberna entrenatzaileak. Prestakuntza «ona» egin dutela nabarmendu digu, eta alde horretatik, «dominaren bat eskuratzeko itxaropena» baduela ere aitortu digu. «Itxaropena ez da galdu behar, baina kontuan hartu behar da lehenbiziko aldia dela eta ez dakigula han zer izanen den».

15 lagun joanen dira Lesakatik Italiara: Oneka Zapirain, Maider Zapirain, Oihana Almandoz, Miren Alkorta, Irati Martiarena, Karmele Pikabea, Nerea Maia, Karmele Irastortza, Arantxa Feito, Ainhoa Altzugarai, Naiara Maia eta Estitxu Almandoz tiratzaileak, Taberna entrenatzailea, eta Xabier Iantzi prestatzaile fisikoa

Lehia gogorra espero du Tabernak Italian, etxeko zein kanpoko taldeekin: «Euskal Herriko taldeekin izanen dugu lehia, eta Txina, Japonia eta Herberetakoak ere hor daude. Teknikoki desberdina da eta horrek aukerak ere ematen ditu».

Munduko txapelketan urrea eta zilarrarekin etorri ziren Beti Gazteko mutilak 2004an Glasgowtik (Eskozia), eta tartean izan zen orain nesken entrenatzailea dena. Tabernaren orduko «esperientzia polita» gogoan, ea ongi moldatzen diren Amaiur eta Beti Gazte Italian.

 

Idoia Maritxalar lesakarra Badaiotzekin

Gaur egun Munduko txapeldun den tiralari lesakar bat ere izanen da Cesenaticon. Idoia Maritxalarrek urrezko domina jantzi zuen Badaiotzekin duela bi urte Faenzan (Italia) jokatutako txapelketan, 480 kiloko kategorian. Aurten, Euskadiko txapelketako bi kategoriatan txapeldun izanda itxaropentsu doa Maritxalar. “Duela bi urte –dio– 480 kiloko kategoria zen eta egia da hiru talde bakarrik ginela, Badaioz, Ipar Irlanda eta Hego Afrikako bana. Beharbada horregatik aurten hogei kilo igo dute guttieneko pisua bi kategoriatan. Talde gehiago izanen gara eta zaila izanen da, baina urreari eusten saiatuko gara pisu arinenean. 540 kilotan zailagoa ikusten dut, guk talde beretsuarekin atera beharko dugulako, pisu berdintsuarekin”.

Kontuak kontu, dagoeneko Italian dira gure taldeak, Munduko sokatira txapelketatik esperientzia ez ezik, dominaren bat ekartzeko itxaropenarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun