Mindegiatarrak nagusitu ziren Doneztebeko aizkora apustuan

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 25a

Saio ederra eskaini zuten lau aizkolariek. F. ETXEBERROA

Mila ikusle bildu ziren frontoian eta lau aizkolariek lan ederra egin zuten

Hilario eta Migeltxo Mindegiak, Mikel Mindegiaren anaiak eta semeak, irabazi zuten igandean Donezteben Joseba Andiarena “Bordazuri” eta Juanito Mariezkurrena “Arroxene”ren kontra jokatutako aizkora apustua.

Apustuak ikusmina piztu zuen, eta Doneztebeko pilotalekuan 1.000 ikusle bildu ziren. Bikote bakoitzak txanda librean 8 kana-erdiko moztu behar zituen eta alde bakoitzak 1.500 euro paratu zituen jokoan. Lauretatik ezagun bakarra Hilario Mindegia zen. Migelen anaia aizkolaria izandakoa da. 51 urte ditu, eta Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela lortutakoa da. Gainera, Etxebesteren, Ugartebururen edota Arregiren aurka apustuak ere jokatutakoa da, nahiz eta aspaldi samarrean plazetatik kanpo ibili den.

Bertze hirurak, berriak. Migeltxo Mindegia, Mikelen semerik gazteena da. Hiru semeetan bera zen, gainera, plazetan aritu gabeko bakarra. Aitzinean, Iturengo bi gazte, Andiarena eta Mariezkurrena. Hirurak ere 30 urtez beherakoak. Mindegiatarrek Mikel Mindegia izan zuten laguntzaile eta Mariezkurrenak eta Andiarenak, berriz, Luixmari Belarra.

Mindegiatarrak tartean direnean gehienetan faborito izaten dira, eta apusturako ere hala agertu ziren, nahiz eta txanda librekoan, lan laburra zenez, edozer gerta zitekeen. Ez zen, ordea, horrelakorik gertatu, eta mindegiatarrek irabazi zuten apustua.

Saioa bizi-bizi hasi zen, eta lehen kana-erdikoa mindegiatarrek bi segundo aitzinetik bota zuten. Bigarrengoan, ordea, pare-parean bota zuten. Hortik aitzinera faboritoek aurre hartu zuten. Hirugarren enborrean 13 segundoko tartea zuten, eta lan erdietan, berriz, 21 segundo zituzten alde Mindegiatarrek.

Bigarren zatian, aldea handitu egin zuten, eta seigarren enborrerako minutu bateko aldea zuten beren alde, eta azkeneko bi enborretan alde horri eutsi egin zioten, eta amaieran minutu bat eta segundo bateko aldearekin lortu zuten garaipena. Mindegiatarrek 15 minutu eta 19 segundu behar izan zituzten eta iturendarrek 16 minutu eta 20 segundu. Bi bikoteek denbora ona egin zuten, laurak maila onean aritu baitziren. Hilariok oraindik sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta Migeltxok, berriz, sekulako kolpea duela. Andiarenak eta Mariezkurrenak ere itxura polita eman zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun