Irulegi irratiaren aldeko kabaret gaualdia izanen da otsailaren 27an Izpuran

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 23a

Bizardunak taldeak euskal radikal rock folk musika plazaratuko du Izpuran. TTIPI TTAPA

Hudaltzainak eta Bizardunak taldeek kontzertua eskainiko dute eta Kantuz taldearekin erromeria izanen da Nafarroa Behereko herrian

Otsailaren 27an, larunbat arratseko 21:00etan Irulegi Irratiaren aldeko kabaret gaualdia ospatuko da Izpuran, Nafarroa Beherean.

Pantzo Hirigaraik Irulegiko irratiaz anekdotak antzeztuko ditu, Kattalin Indaburu, Ixabel Jaury, Audrey Carrique kantuz eta Philippe Albor musikariak lagundurik. Ondotik, Hudaltzainak eta Bizardunak taldeek kontzertua eskainiko dute eta Kantuz taldearekin erromeria izanen da. Jatekoa eta edatekoa ere izanen da gau guzian, Irulegiko Irratiaren alde.

 

Hudaltzainak

Hudaltzainak taldekoak, bere garaian Hertzainak taldea bezala, txapela gorriak jantzirik heldu dira. Etxahun Lekue eta Fredi Paia bertsolariek inprobisazioa egiten dute, baina ez usaia dugun bertso-doinuekin. Josu Martinez Txaber Fernandez, Gorka Etxebarria eta Imanol Martinez kitarra, arrabita, bateria eta soinu joleekin eta Porra Bideo Systemeko Txaber Larreategiren bideoa lagun, ezagunak zaizkigun aireak erabiliz botatzen dituzte bapateko bertso zirikatzaileak.

 

Bizardunak

Bizardunak taldeak Euskal Radikal Rock Folk talde bezala aurkezten du bere burua. Besta, dantza eta ospakizuna aldarrikatzen dituen taldea da Bizardunak, arlo horietan maisu diren The Pogues, Dublinners edo Billy Bragg taldeetako musikak erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun