Etxarri-Aranatzen jokatu zen larunbatean aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Herriko Kultur Etxea bete egin zuten saioa ikustera hurbildu ziren berrehundik gora ikuslek. Orain artean Txapelketak eman duen saiorik onena izan da, eta zaleek gozatu zuten sei bertsolariek egin zuten lanarekin.
Hasieratik txalotu zituzten bertsolariak; hala ere, txalorik hunkigarrienak Juanito Perurenari eskainitakoak izan ziren. Larunbatean bertan hil zen Goizuetako bertsolari beteranoa, eta oholtzatik hark utzitakoari aipamena egin nahi zitzaion.
Saioari dagokionez, Julio Sotok lortu zituen puntu gehien. Gorritiko bertsolari gaztea txapela irabazteko zorian egon zen iaz, eta aurtengo Txapelketan egindako lehen agerraldian argi utzi zuen hautagai sendoa dela. Lasai eta seguru aritu zen Soto, eta saioan zehar erakutsi zuen maila ona kartzelako lanean borobildu zuen.
Bigarren postua, berriz, Estitxu Arozenarentzat izan zen. Lesakarrak badaki zer den txapela janztea, eta Etxarrin egindako lanari esker hanka bat du finalean. Hiru urteko atsedenaldiaren ondotik, sasoitsu itzuli da Arozena Txapelketara, eta Garesen egin zuen moduan, Etxarrin ere maila polita eman zuen ofizioka, batez ere.
Gibeletik, gauzak estuago joan ziren. Oskar Estanga eta Xabier Terreros hagitz ongi aritu ziren, lehia bizia izan zuten eta azkenean gaintzarrak eskuratu zuen hirugarren postua. Baina Soto izan ezik, gainerako bertsolariek finalaurreko guztien puntuazioaren zain egon beharko dute finalera pasako diren ala ez jakiteko.
Honakoa izan zen puntuazioa:
Julio Soto 421 puntu
Estitxu Arozena 397 puntu
Oskar Estanga 392 puntu
Xabier Terreros 390,5 puntu
Ander Fuentes “Itturri” 370,5 puntu
Saioa Alkaiza 336 puntu
Otsailaren 27an, hurrengo larunbatean arratsaldeko 17:30ean bigarren finalaurrekoa jokatuko da Iruritan. Iñigo Olaetxea, Xabier Legarreta, Julen Zelaieta, Iñaki Aleman, Iñigo Ibarra eta Migel Mari Elosegi “Luze” arituko dira.
Salgai dira jada Lesakako finalerako sarrerak
Asteburuan saltzen hasi ziren martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalerako sarrerak. Horiek eskuratzeko hiru modu dago:
- Internetez, www.bertsosarrerak.eu web gunean
- Nafarroako honako saltokitan: Iruñea (Karrikadenda), Elizondo (Fantxike), Leitza (Maimur liburudenda), Lesaka (Okindegia) eta Etxarri-Aranatz (Xapatero taberna).
- Finalaurrekoetako saioetan, Irurita eta Atarrabian.
Iazko Txapelketan finalerako sarrerak akautu egin ziren eta jende aunitz gelditu zen finala zuzenean ikusi ezinik. Aurtengo finalean aforoa zertxobait handiagoa da; hala ere, komeni da horiek lehenbailehen hartzea.
Juan Perurena betsolari goizuetarra hil zen larunbatean
Juan Peruren bertsolaria (Goizueta, 1930) hil zen larunbatean. 1969an bigarren postua lortu zuen Nafarroako Txapelketan eta Euskal Herriko Txapelketan ere parte hartu zuen. Baztan inguruan saio ugari egindakoa zen, Orabidean bizi baitzen. Azken agurra igande arratsaldean eman zioten Arizkunen.