Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zituen Etxalarko usategiak, paisaia kulturalaren kategoriaren barrenean. Etxalarko Udaletxetik, Herri Taldeko alkate eta zinegotziek bere haserrea eta arrenkura agertu dute akordio horretan ageri diren akats eta zentzugabekeriak direla eta. Udal talde honen erranetan, ez da egia aurkeztutako lau alegazioak aintzat hartu ez direnik. “Alegazio bat oso-osorik aintzat hartu zen, bertze biren zati bat onartu zen eta bertzea ez zen aintzat hartu” Herri Taldearen erranetan. Talde honen arabera, izendapenaren barrenean kokatutako zenbait lur-eremu kanpoan gelditu ziren 2009ko erresoluzioan eta planoa ere gaizki dago, orduan onartutako alegazio batzuk ez dituelako kontuan hartzen. “Gainera –dio Herri Taldeak– planoa eskuz egina dago eta ez dago ondasuna non hasi eta non bukatzen den adierazten duen muga garbirik, aurkeztu genuen alegazioetan eskatzen genuen bezala”.
Udalak “funtsa gutti eta informazio eskaxa” duen akordio eta espediente honen kontra errekurtsoa aurkeztuko du, “gauzak okerrago ezin direlako egin”.
Bertze zenbait puntualizazio ere egin nahi ditu Herri Taldeak. Honela, udalak usategien izendapena begi onez ikusten bazuen ere, tramitatzeko modua ez zitzaion egokia iruditzen. Honela, izendapen espedientea Usategien jabeak bultzatu zuen, “baina partikular hori lurren %10a baino guttiagoren jabe da”. Honela, izendapena hiru erakunde publikoren izenean egitea eskatu zen, hau da, Sara eta Etxalarko Udalen eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren izenean eta, horri erantzunez, “Sarako Udala ezin dela egon, Frantzian dagoelako” dio erresoluzioak. Babestutako lurren %90a komunala dela gogorarazten dute Herri Taldetik eta “hori nahiko arrazoi iruditzen zaigu Udala ere izendapenaren promotore bezala agertzeko”.
Azkenik, Usategien Interes Kulturaleko Ondasun izendapena hasieratik maingu gelditzen dela uste du Herri Taldeak “jardueraren zati bat bakarrik babesten duelako, Etxalarren dauden sareak, eta trepak izendapenetik kanpo gelditzen dira, Saran daudelako”.