Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerdiak asteburuan jokatuko dira

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 19a

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketak azken jardunaldia izanen du

Joan den igandean Arabako Espejo herrian jokatzekoa zen Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketako finalerdietako bat, baina elurraren ondorioz bertan behera gelditu zen. Jardunaldi hori igande honetan, eguerdiko 12:00etan jokatuko da Elgoibarko ikastolako frontoian. Donato Larretxea eta Oihan Larretxea aita-semeak ariko dira Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregiren kontra.

Bertze finalerdia larunbatean jokatuko da Asteasun, 16:30etik aitzinera. Jose Mari Olasagasti eta Jose Etxebeste gipuzkoarrak, Bizkaiako Aitzol Atutxa eta Leitzako Jon Rekondoren kontra ariko dira.

 

Sokatiran, Euskadiko txapelketako azken jardunaldia

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketan, gizonezkoen 560 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko txapelketen hondar jardunaldia jokatuko da Arrigorriagan larunbat arratsaldeko 17:00etan. Abadiñok mutiletan eta Badaiotzek nesketan txapela nahiko segurtatua dute eta beraz, Amaiurko mutilen taldeak bigarren postua eta Beti Gazteko neskek hirugarrena segurtatzen izanen dute lanik handiena.

Hurrengo asteburuan, berriz, otsailaren 25etik 28ra, Italiako Cesenatico hirian jokatuko den Munduko sokatira txapelketan hartuko dute parte bai Amaiurko mutilek baita Beti Gazteko neskek ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun