N-121-A errepidetik Sunbillara sartzeko edo herri honetatik errepidera ateratzeko dauden bi sarrera-irteerak ez dutela soluzio errazik jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak, Laura Albak. Sunbillako udalak eta bizilagunek aspaldian kexu daude sarrera-irteera horiek duten arriskuarengatik eta heriotzak eragin dituzten hainbat istripu izan dira, baita hain ondorio larririk izan ez duten bertze ugari. Soluziorik ezean, mobilizazioak ere eginen dituztela aipatu dute Sunbillatik. Kontseilariak asteazkenean Urdazubira egindako bixitan aipatu zuenez, “ez dakigu zer gehiago eskaintzen ahal zaien sunbildarrei, lan gogorra da. Beraiek proposatzen dutena ezin da egin. Errepide azpitik ezin da egin, Kantabrikoko Ur Konfederazioak ez baitu Bidasoa ondoan paretarik egitea uzten, uholdeak sor ditzakeelako. Baldintza teknikoak eta ingurumenekoak bete behar dira”. Pasabidea altueran egiteari dagokionez, Laura Albak arazo nagusia “malda” izanen litzatekeela adierazi zuen, “Zero kotatik igo beharko litzatekeelako. Inork ez du politikoki Gobernuaren ondoan jarri nahi, baina istripu aunitz gertatzen direnez, obrari ekin beharko diogu”.
Honela, Nafarroako Gobernuaren proiektuak, bidegurutzeen moldatzea aurrikusten du. Sunbillara sartzeko erdiko hirugarren karrila egokitu da, eta honela ez da bi karrilak gurutzatu beharrik izanen. Sunbildarrek ez dute gogoko soluzio hau eta Herrilan Departamentuarekin bertze bilera bat egitearen esperoan daude. Momentuz, moldatzen ez badira, hilabetero lehen ortzegunean errepidea ordu laurden batez moztuko dutela iragarri dute.