Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoek Etxarri Aranatzen izanen dute abiapuntua larunbatean

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 19a

Julio Soto iazko azpitxapelduna, Estitxu Arozena, Ander Fuentes "Itturri", Xabier Terreros, Oskar Estanga eta Saioa Alkaiza ariko dira Etxarrin. TTIPI TTAPA

Itturri zubietarra eta Estitxu Arozena eta Xabier Terreros lesakarrak bertan izanen dira

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa Etxarri Aranatzen jokatuko da otsailaren 20an, larunbatean. Hitzordua, Kutur Etxean izango da arratsaldeko 17,30ean.

Lehenengo faseko egitura segituz, finalaurreko bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, finalerako sailkapen zuzena lortu asmoz.

Etxarri Aranatzen abestuko duten bertsolariak ondokoak dira: Julio Soto, iazko txapeldunordea eta aurtengo edizioan finalaurrekoetarako pase zuzena lortu duena, Ander Fuentes “Itturri”, Agoizko azken-laurdeneko lehen sailkatua eta iaz finalean egon zen bertsolaria, Estitxu Arozena, hiru urtetako atsedenaldia hartu ondotik berriz ere Txapelketara gogotsu etorri dela erakutsi duena eta bi aldiz Nafarroako txapelduna izandakoa, Xabier Terreros lesakarra eta Oskar Estanga gaintzarra, finalean egotea zer den ongi dakiten bertsolariak eta Saioa Alkaiza, Antsoaingo bertsolari gaztea, iazko Eskolarteko txapelduna eta aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan bigarren aldiz finalaurrekoetan ariko dena.

Bigarren faseko lehenengo saio honetan beraz, noizbait finalean izan diren bost bertsolari egonen dira: Julio Soto, Ander Fuentes “Itturri”, Estitxu Arozena, Xabier Terreros eta Oskar Estanga.

Lehenak, finalerako sailkapen zuzena lortuko du eta gainontzekoak bertze bi finalaurrekoen puntuazioen zain egon beharko dute.

Azken-laurdenetan bezala, bertsolariek ondoko lanak egin beharko dituzte:

Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso, hamarreko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta kartzelako lana: zortziko txikian bi punturi erantzun eta gaia emanda bakarka bi bertso.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun