Otsailaren 18an, ortzegun goizean Nafarroa Garaiko Parlamentuan Vascuencearen Legea aldatu da, 23 urteren ondotik. Zehazki, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak zonalde erdaldunean ziren Aranguren, Galar, Noain eta Belaskoain zonalde mistora sartzea onartu du. Aldaketa antzua eta eskasa da Euskal Herrian Euskaraz taldearen ustez, urrats txiki bat den arren, euskarari jarri beharreko mugak daudelako oraindik eztabaidaren beraren mugak. Aldaketa hori baina, ez da izan euskarak behar duena EHEren ustez, “partziala eta urria izateaz gain euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketan oinarritzen dena baita”. Euskararen legeak erroko aldaketa behar du; osoa, Euskal Herrian Euskaraz-en ustez. “Inon ikusi ez bezala, herrialde bereko biztanleen hizkuntza eskubideak hirutan zatituta daude. Nola ulertu herri batetik bestera euskaldunok soilik eskubide ezberdinak izatea?”
Hala, Vascuencearen Legea aldatu den egunean, lege hori oinarri duten Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak aplikatzen dituen Euskarabidearen egoitzan egin du ekimena EHEk. Goizeko 9ak aldera, EHEko hainbat kide Euskarabideko zuzendari Xabier Azanzaren bulegoan sartu dira eta bi zaku gorotz eta "Vascuencearen Legea pikutara! Euskara ofiziala Euskal Herri osoan!" zioten hainbat panfleto edo paper zabaldu dituzte bulegoko zoruan. Horrekin batera, euskara kolpatzen duen legearen azken aldaketa honi buruzko irakurketa jasotzen duen idazki bat utzi diote mahai gainean