Lorategiak, balkoiak eta barnealdeak berpiztu egiten dira udaberrian. Hortaz, garai egokia da lan batzuk egiten hasteko: belarra zaindu, zuhaixka-hesiak eta arbolak kimatu, ongarriak bota, txertoak egin…
• Lorategiko zainketa orokorrak
Martxoa hilabete ezin hobea da neguan atera diren belar txarrak kentzeko. Bertzalde, izotzik egiten ez duenean, hosto iraunkorreko eta erorkorreko landareak landa daitezke. Hori bai, lurrak ez du bustiegia egon behar. Udaberria goiztiarra bada, udako bulboak eta tuberkuluak landatzeko garaia da.
• Soropilaren zainketa
Tenperaturak epeltzean (15-18 gradu), feltro-geruza eskuare batez aska daiteke. Horrela, belarrak leku gehiago izanen du hazteko. Zainak hobeki garatzen dira, iraultzen denean lurra aireztatzen delako.
• Kimatze-lanak
Martxoaren erdialdean eta amaieran has zaitezke kimatze-lanak egiten. Arrosen kasuan, justu txertaketa-tokiaren gainetik moztu behar dira eta kimu berriak atera baino lehen; horrela, oparoagoa izanen da loraldia.
Zuhaixkak 45 cm.ko altueraraino utz daitezke. Igokarien adar nagusiak ez dira inausi behar, bai ordea, bosgarren mentutik gorako aldeetakoak.
• Kubetako landareak
Lorategian kubetako landareak badituzu, berriak landatzeko garaia da. Hala ere, kontu izan izozteko arrisku handia duten espezieekin. Negua idor joan baldin bada, komeni da erregularki loreontziak eta udaberriko bulboak ureztatzea. Aldiz, euri dezente egin badu, loreontzien drainatze-zuloak aztertu behar dira.