Txirrindularitza profesionalean berriz ere hasteko itxaropena badu Patxi Vila beratarrak eta maiatzera bitarteko epea jarri dio bere buruari, talderen bat harrapatu eta han hasteko. Baina bitartean, ez du geldirik egoteko asmorik eta Triatloi Zurietan (korrika, bizikleta eta eskia) trebatzen ari da Barañaingo Saltoki Lagunak taldearekin. Ez nolanahi gainera. Ilbeltzaren 30ean, Reinos-Alto Campoo (Kantabria) 24. Triatloi Zuria irabazi zuen, 180 triatleten artean nagusituz.
Lasterka egin behar ziren lehenbiziko bederatzi kilometroetan ongi eutsi zuen Berakoak eta Antonio Blanco liderretik 20 segundora hartu zuen bizikleta. Horixe da, noski, Vilaren punturik indartsuena eta 24 kilometroko bizikleta ibilaldian lehen postuan jarri zen, Alto Campoo igoera gogorra tartean zela. Honela, bortz minutuko abantailarekin ailegatu zen Patxi Vila iraupen eskiko tartera. Hamar kilometro egin behar izan zituen eta ongi eutsi zion lehen postuari.
Ez da triatloi zurian denboraldi honetan izan duen lorpen bakarra, duela aste batzuk Anson (Huesca) jokatu zen Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu baitzuen. Aitzinera begira, Aretteko Triatloian parte hartzeko asmoa du, beti ere, prestaketa zaintzeko helburuarekin.