Nafarroako Herri Kirol Federazioak urtero antolatzen dituen Kirol Jolasak otsailaren 28an hasiko dira, eta hilabete beranduago akitu, martxoaren 28an. Ohi bezala, hiru kategoriatan jokatuko dira: kimuen mailan (98-99 urteetan jaiotakoak); haurren mailan (96-97 urteetan jaiotakoak) eta kadeteen mailan (94-95 urteetan jaiotakoak).
Kimuen mailan proba konbinatuan bakarrik ariko dira, hau da, koxkor biltzen (zortzi koxkor), txingekin (80 metro 3 kiloko txingekin), zakuarekin (3 lagunek 80na metro 6 kilokoarekin) eta lasterka (160 metro). Haurrak eta kadeteak, aldiz, proba konbinatuetan eta sokatiran ariko dira.
Haurren lana hau izanen da: 10 koxkor bildu, 5 kiloko txingekin 80 metro egin, hiru lagunek 10 kiloko zakuarekin 80na metro, 160 metro lasterka eta 70 zentimetroko bi korte arpanean. Sokatiran aritzeko pisua 480 kilokoa izanen da.
Kadeteen eginbeharra ondokoa izanen da: 12 koxkor, 60 metro 10 kiloko txingekin; hiru lagunek 80na metro 15 kiloko zakuarekin, 240 metro lasterka eta 70 zentimetroko bi korte arpanean. Sokatirarako pisua 540 kilokoa izanen da.
Eskualdeko taldeak
Eskualdeko taldeei dagokienez, kimuen mailan, Igantzi eta Basaburuak parte hartuko dute, eta agian Igantzi eta Arantzaren artean bertze talde bat osatuko dute. Haurren eta kadeteen mailan, berriz, Basaburua aterako da.