Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa aste hondar honetan bukatuko da, eta horren ondotik, Italiara begira jarriko dira Amaiur eta Beti Gazteko taldeak. Izan ere, otsailaren 25etik 28ra Cesenaticon jokatuko den Munduko Sokatira Txapelketan parte hartzekoak dira Amaiurko gizonezkoak eta Beti Gazteko emakumezkoak, 560 eta 600 kiloko kategorietan baztandarrak eta 500 eta 540 kiloko mailetan lesakarrak.
Amaiurrentzat bigarrena
Munduko txapelketa batean parte hartzen duen bigarren aldia du Amaiurrek. 1995ean izan zen aitzinekoa, Gasteizen. «1994an Euskal Herriko txapela jantzi genuen 600 kilokoen kategorian, baina ondoko urtean, ez ginen sobera prestatu, eta nahiz eta tirada onak egin, ez ginen finaletara pasatu», azaldu digu Joxe Urrutia entrenatzaileak. 12 laguneko taldea joanen da Italiara: Fermin Iparragirre, Joxean Iriarte, Iñaki Iriarte, Oskar Telletxea, Juanma Irigoien, Joxemiel Bengoetxea, Auxtin Ariztia, Mieljoxe Ariztia, Iñaki Urrutia, Esteban Mendiburu tiratzaileak, Joxe Urrutia entrenatzailea eta itzultzaile bat.
Zaila ikusten du Joxe Urrutiak finaletara pasatzea, maila haundia baitago Euskal Herritik atera gabe ere: «Gu baino goitirago dagoen talde bat badugu Euskal Herrian, Abadiño, eta Iparraldeko Ñapurrak ere joatekoa da eta gure gibeletik izanagatik, arras hurbil dago. Atzerriko taldeak nola dabiltzan ez dakit, baina zaila izanen da finaletan sartzea».
Ez da Amaiurren helburua dominak lortzea, baina «serioxeago» entrenatu dute aurten, eta ikasitakoarekin «esperientzia hartzera» doazela aipatu digu Urrutiak.
Beti Gazteko neskak estreinakoz
Munduko txapelketa batean parte hartzen duen lehenbiziko aldia izanen da Beti Gazteko neskentzat. Baina gogor egiteko prest daude: «Ahalik eta hobekiena ibili nahi dugu», erran digu Paxkual Taberna entrenatzaileak. Prestakuntza «ona» egin dutela nabarmendu digu, eta alde horretatik, «dominaren bat eskuratzeko itxaropena» baduela ere aitortu digu. «Itxaropena ez da galdu behar, baina kontuan hartu behar da lehenbiziko aldia dela eta ez dakigula han zer izanen den».
15 lagun joanen dira Lesakatik Italiara: Oneka Zapirain, Maider Zapirain, Oihana Almandoz, Miren Alkorta, Irati Martiarena, Karmele Pikabea, Nerea Maia, Karmele Irastorza, Arantxa Feito, Ainhoa Altzugarai, Naiara Maia eta Estitxu Almandoz tiratzaileak, Taberna entrenatzailea, eta prestatzaile fisikoa eta emaitzez arduratuko den bertze bat.
Lehia gogorra espero du Tabernak Italian, etxeko zein kanpoko taldeekin: «Euskal Herriko taldeekin izanen dugu lehia, eta Txina, Japonia eta Herberetakoak ere hor daude. Teknikoki desberdina da eta horrek aukerak ere ematen ditu».
Munduko txapelketan urrea eta zilarrarekin etorri ziren Beti Gazteko mutilak 2004an Glasgowtik (Eskozia), eta tartean izan zen orain nesken entrenatzailea dena. Tabernaren orduko «esperientzia polita» gogoan, ea ongi moldatzen diren Amaiur eta Beti Gazte Italian.
Paxkual TABERNA - Beti Gazteko entrenatzailea
«Itxaropena ez da galdu behar, baina kontuan hartu behar da lehen aldia dela»
Joxe URRUTIA - Amaiurko entrenatzailea
«Euskal Herrian ere maila haundia dago eta zaila izanen da finaletan sartzea»