Martxoaren 14 eta 21ean lurralde hauteskundeak eginen dira eta senpertarrek bozkatu beharko dugu Akitaniako lurralde kontseilua berritzeko. Egun hauetan, eskuin eta ezkerreko zerrendak presentatzen ari dira eta hautagaien artean senpertar ezaguna agertzen da, andere auzapeza.
Modem alderdi zentristak Forces Aquitaine taldea osatu du boz hauentzat. Akitaniako zerrendaburua Jean Lassalle diputatu biarnesa da eta Pirineo Atlantikoetako buruzagia Jean Jacques Lasserre departamenduko president ordea da. Lasserren zerrendaren seigarren tokian agertzen da Christine Bessonart. Duela zonbait aste bozetan ez zela presentatuko erran zuen France Bleu Pays Basque irratian baina azkenean ideiaz aldatu du. La Semaine du Pays Basque astekarian esplikatu du lurralde hauteskundeak interesgarriak direla. Zerbeit behar omen du aitzinatzeko. Bertzeak lagundu nahi ditu eta hori egin dezake lasaiki, bere erranetan, kezkarik edo behar materialik ez baitu. Horiek oro aipatu ditu berriki prentsan. Dioenaz, ezin da sekulan erran iturri hortatik ez dela edanen. Momentuz, gusturat ibilki da Herriko Etxean baina ez du deus baztertzen.
Gogoratu, auzapeza izateaz gain, Uztaritzeko kantonamenduko kontseilari nagusiaren ordezkoa, Hego Lapurdiko herri elkargoko president ordea eta Iparraldeko auzapezen biltzarreko presidenta dela Bessonart.