Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko da otsailaren 27an Iruritan

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 18a

Otsailaren 6an Garesen jokatu zen lehen faseko azken saioa, eta hiru urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketatik kanpo izan den Estitxu Arozena lesakarra nagusitu zen, alde haundia atera zion, gainera,

Sei bertsolari ariko dira lehian, tartean, Iñaki Aleman herritarra

Azken-laurdenak akituta, aste hondar honetan sartuko da finalau­rrekoetan Nafarroako Ber­tsolari Txapelketa. Etxarri-Aranatzen jokatuko da lehenbizikoa, larunbat honetan Kultur Etxean, eta Julio Soto, Estitxu Arozena lesakarra, Ander Fuentes Ittu­rri zubietarra, Xabier Terreros lesakarra, Oskar Estanga eta Saioa Alkaiza ariko dira lehian, 17:30ean hasita.
Otsailaren 27an bigarren finalaurrekoa jokatuko da eta hau Iruritako Gizarte Bilgunean eginen da. Iñigo Olae­txea lesakarra, Xabier Legarreta aranoa­rra, Julen Zelaieta beratarra, Iñaki Aleman iruritarra, Iñigo Ibarra eta Migel Mari Elosegi Luze leitzarraren txanda izanen da. Saio hau ere 17:30ean hasiko da.
Hirugarren eta azken finalaurrekoa Atarrabian jokatuko da martxoa­ren 7an Indurain Anaiak kiroldegian, 17:30etik ai­tzi­nera. Bertsotan ariko direnak Jon Barberena elizondarra, Arkaitz Goikoe­txea, Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Jon Elize­txe gartzaindarra eta Aimar Karrika izanen dira.

18 bertsolari finalaurrekoetan
Azken-laurden ba­koi­tzeko irabazleak –Goikoetxea, Legarreta, Itturri eta Arozena– eta puntuaziorik onena lortu duten 11 bertsolariak –tartean, Zelaieta, Aleman, Luze eta Elizetxe– dira finalaurrekoetara pasatu direnak, eta Soto, Olaetxea eta Barberena, berriz, zuzenean sail­katu dira ai­tzineko urteko txapelketan lortutako emai­tzen ondorioz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun