Apustu gosez dago herriko gazteria, azken bolada honetako joera ikusita, itxura hori baitu. Alde batetik, Azkatekobordako Mieltxo Mindegiak aizkora desafioa egin du bere osaba Hilariorekin, Iturengo Arroxene eta Bordazuriren kontra. Hain zuzen, igande honetan, otsailak 21, jokatuko dute Doneztebeko frontoian. 12:00etan egin dute hitzordua.
Baina ez da apustu bakarra. Herriko bertze lau gaztek ere desafioa bota baitiete elkarri, eta ez nolanahikoa gainera. Baina kasu honetan lasterka ibiltzeko izanen da.
Palazioko Mikel eta Errandoneko Ibaik, Tomaseneko Igor eta Ikazpeko Patxiren kontra eginen dute apustua. Bikoteka, herritik abiatuta Loitzateko atakara joan beharko dute lasterka, eta bien artean ibilbidea denbora guttienean osatzen duen bikotea izanen da irabazlea. Martxoko lehen astebururako egin dute hitzordua, baina lerro hauek idazterakoan oraindik zehaztu gabea zuten zein egunetan eta zein ordutan izanen den.
Dudarik ez dago, gisa honetako apustuek saltsa sortzen dutela herrian, ongi hartuak baitira. Zorte on denei eta ea dena ongi ateratzen den.