Ohitura zaharrei segituz, auzolana berreskuratuko da

Joseba eta Nerea 2010eko otsailaren 17a

Bakoitzak aukera dezake zein lan egin edo bertzela Udalak proposatuko du

Dagoeneko urte ba­tzuk pasatu dira etxalartarrek auzolanak egiten zituztenetik. Ohitura hau baserritar aunitzek ez dute oraindik galdu eta urtean behin edo gehiagotan euren base­rrie­tako bideak eta kunetak garbitzen dituzte. Pa­txi­ku Irisarri alkateak erran­ digunez, hemendik aitzi­nera Udalaren nahia baserrikoez gain, he­rri­koek ere auzolanak egitea da.  

Nork egin beharko ditu auzolanak?
Etxalarren bizi diren 18 urtetik 55 urte arteko herritarrek, erroldatuek eta zentsuan sartuta daudenek egin beharko dituzte auzolanak. Horretarako plan bat prestatu­ko du Udalak. Bi aukera izanen dituzte herrita­rrek: lehena norbe­rak aukeratzea zein lan egin nahi duen eta Udalari hori eskatzea, urtea akabatu baino lehen egiteko. Bigarrena Udalak agintzen duen lekura joan eta erran­dakoa egitea.

 

Bide bazterrak eta mendi-lanak
Egin beharreko lanen artean, bide bazterrak eta kunetak garbitzea, kunetak zimentatzea eta pistaren batean zementua edo todouno bota­tzea daude, bertzeak bertze. Mendiari dagokionez, arbolak landatu eta kimatzea, itxidurak egitea, pistetan ur-errekak egitea eta manten­tzea, lehengo bide zaharrak eta bidaxkak garbitzea eta bide eta errepide bazterretan atseden tokiak jartzea daude. Bertze lan batzuk ere aipatu ditu Irisarrik: itu­rriak berreskuratzea, erre­kako zubitxoak mantentzea, kisulabeak b­e­rreskuratzea eta ha­rriz­ko paretak zutik manten­tzea. Alkateak argi erran­ digu auzolana arautzen duen udal ordenantzak dionez, he­rritar bakoitza lau auzolan egitera behartua dagoela.

30 euroko isuna
Oraindik, ordea, Udalak ez du erabaki aurtengoan zenbat auzolan eginen dituen herritar bakoitzak. Lehen bezala, orain ere, auzolana egiten ez duenak diruz ordaindu beharko du 30 euro inguruko multa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun