XVI. eta XVII. mendeen ezaugarrietako bat nabarmentzekotan ezin alde batera utzi sorginen kondairak. Euskal Herrian sorginkeria olde bat hedatu baitzen garai hartan, eta gure eskualdeak ere somatu zuen haren eragina: Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Xareta… Denak ukitu zituen. Baina bereziki Zugarramurdikoa izan da ezagun egin dena. Aurten, 400 urte beteko dira sorginkeriak egitea egotzita Inkisizioak hainbat herritar zigortu zituela.
Europa aldetik etorri zen sorginkeriaren sukar hura gure eskualdera, frantziar eta espainiar estatuak euren mugak definitzen ari ziren garaian, XVI. mendearen azken aldera eta XVII.aren hasieran. Sorginak benetan baziren ala ez eztabaidan sartu gabe, sorginetan sinesten zutenak izanen ziren, baina interesagatik sorginen kontu hori baliatu ere maiz egin zen, eta horren ondorioz, frogarik gabe zigortu eta hil zituzten gizon-emakumeak aunitz izan ziren.
Sorginen inguruan hainbat kasu aipatu izan dira historian. Juainas Paul Arzak historialariak bere garaian TTIPI-TTAPAn argitaratu zuenez, 1525ean, Aurtizko San Martin elizan sorgin ospea zutenak biltzen saiatu ziren, eta 400 lagunek borondatez aurkeztu omen zuten euren burua. Horietatik 12 sorgin bereizi zituzten. Beranduago, berriz, zenbait herritan askatasun pixka bat eskatuz herritarrak mugitzen hasi omen ziren. Lapurdin, Beran, Urdazubin eta Zugarramurdin, adibidez. Garai hartan Urdazubi eta Zugarramurdi San Salvador monasterioaren menpe zeuden, eta antza, herritar batzuk zergak ez ordaintzeko eskatzen hasi ziren. Sorginena aukera ona izan zen jende hori erditik kentzeko.
Gertaerak ugari, baina bada guztien artean bereziki ezagun egin dena: Zugarramurdikoa, Sorginen herria izena ere hartu duena. Aurten, gainera, sorginkeriak egitea leporatuz Inkisizioak hainbat herritar zigortu zituela 400 urte beteko dira.
1610eko epaiketa
1608an gorabehera batzuk izan zituzten herrian, sorginak bazirela zabaltzen hasi baitzen. Horren ondotik, «saltsa haundia» sortu omen zen herrian. Horrela azaldu digu sorginen kontu hau hurbiletik segitu izan duen Koro Iratzoki herritarrak. Baina Elizan egindako bilkura batean konpondu zituzten hasierako gorabehera haiek. Dena dela, hasieran herritarren arteko liskarra zena, denbora ttikian kanpora zabaldu zen.
1609ko ilbeltzean hasi zen kontua okertzen, Logroñoko (Errioxa) auzitegiko inkisidore batek sorginak zirelakoan Zugarramurdiko lau emakume atxilotu eta Logroñora eraman zituenean. Erraten denez, Urdazubiko monasterioko abadeak salatu zituen. Urte berean inkisidoreak behin baino gehiagotan ibili ziren inguruotan, eta tarte horretan, fede-ediktua ere ezarri zuten: «fededun guztiak derrigortuta daude sorginak salatzera, eskumikatuak izan nahi ez badute». Ibili eta buelta, 31 lagun espetxeratu zituzten. Horietatik gehienak zugarramurdiarrak, baina baita urdazubiarrak eta etxalartarren bat ere. Nafarroako mendialdean 300 laguni egotzi zieten sorginkeriak egitea.
Garai hartako Inkisizioko presondegia eta auzitegia Logroñon izaki, han atxiki zituzten preso 1609ko udaberritik 1610eko udazkenera. Urte horretako azaroaren 7an eta 8an hartu zuten atxilotuek euren epaia: batzuk errugabe utzi zituzten, baina 11 sutan erre zituzten, sei bizirik, eta bertze bortz gizairuditan. Horixe izan zen Logroñoko Autofedea edo Zugarramurdiko sorginen epaiketa publikoak utzi zuena.
Inkisizioak ekarri zuena ikusita, beldur haundia zabaldu zen. «Edozein sorginkeriaz akusatua izaten ahal baitzen», dio Iratzokik.
Zabalkunde haundia
Oihartzun haundiko epaiketa izan zen, eta beharbada, hortaz egin izanen da ezagun. «Azaroaren 7 eta 8 hartan sekulako jendetza bildu zen Logroñon epaiketa hurbiletik segitzeko». Garai hartako Inkisizioak ikuskizun publiko gisara hartuak ziren, eta kasu hartan Logroñotik kanpo ere jende andana joan omen zen. Horregatik, eta gertaera liburuan argitaratua izan zelako da Iratzokiren irudiko ezaguna.
Gerora auzi hark zer eragin izan zuen ez dago jakiterik. 1793an Konbentzioko Gerran tropa frantziarrek Zugarramurdi erre zuten eta Elizako agiriak 1614az geroztikoak dira. Korok erran digunez, «datu historikoak Inkisizioko dokumentuetatik hartuak dira, eta hor irakur daitezke atxilotuen datuak: Barrenetxeko Graxiana, Sansineko Joanes, Bixkarreko Martin... Hortik aparte, gordetzen direnak legendak dira».
Nor ziren sorginak?
Zentzu negatiboan hartu izan dira historian sorginak, baina gizon, emakume eta haurrak izan ziren sorgin izendatuak, batez ere, emakumeak. Koro Iratzokik hiru jende-multzo egin ditu sorginei buruz galdetuta: «batetik, egiaz egun sorgin bezala ezagutzen ditugunak, hau da, jende arruntak baino ezagutza haundiagoa zutenak, eritasunak nola konpondu bazekitenak, landareak ezagutzen zituztenak...». Bigarren multzoan kristautasunaz aritu zaigu: «garai hartan kristautasuna sartua zegoen, baina oraindik lehenengo sinesmen eta tradizioak ere mantentzen ziren eta tarteka bildu egiten ziren. Eta debekatua zegoenez, gordeka bildu behar izaten zuten, gauez, eta leizea toki aproposa zen«. Eta azkenik askatasun bila zebiltzanak: «sorginkeria aitzakia gisa erabali zuten jende hori trabatik kentzeko».
400 urte beranduago, era berezian gogoratu nahi dituzte zigortutako herritarrak. Eta guztia helburu argiarekin: «herritar haien izenak garbitu nahi genituzke», azaldu digu Iratzokik. «Duela gutti arte Zugarramurdin sorgina pertsona gaiztoa bezala hartua zen, eta orain gutti hasi gara konturatzen gu bezalako herritarrak zirela, eta injustizia bat egin zela beraiekin. Aurten behingoz jendea hortaz konturatzea nahi dugu».
• JUAINAS PAUL ARZAK HISTORIALARIAK DIOENA
«Salaketa kopuruak hain ugariak ziren, guztiz sinestezina bihurtu zutela muntaia»
«Zugarramurdiko epaiketaren 400. urteurrena. Astakeria genozidak orduan izan zuen inflexio puntua edo malda aldaketa. Lapurdin bezala, Baztan-Malerreka-Bortzirietako populazioak zuen sorgin izate salaketa kopuruak hain ugariak ziren, guztiz sinestezina bihurtu zutela muntaia. Logroñoko epaiketa izan zen bukaeraren amaiera –geroztik Inkisizioak ez zuen kasu gehiago onartuko– eta hasiera –epaiketa horretan plazaratu zen Akelarre hitza, dakigunez izugarrizko arrakasta ergelarekin, benetan ez baitziren ospatzen–. Dena dela, epaiketa zaharragoak egon badira. Nafarroan bertan, XVI. mende osoa botako dute sasi-jakintsu batzuk sinesten duten sorginkeria eredu baten atzetik, herritarrek jasan beharko dituztela, batzuetan; besteetan herritar eurek izanen dira salatariak eta sinesmenaren erabiltzaileak, mendekuren bat hartu nahi dutenean. Izanen dira ziur daudenak ere, horrela uler daitekeelako bakarrik eguraldi gorria, ekaitza madarikatua, uzta hutsala, seme-alaben heriotza edo ez jaiotzea.... zorigaitzaren zerrenda luzea. Hitz gutxitan: sorgin-mundua izan zen sinesmen konplexu eta zabala, denetako balio zuena, izugarri hedatua –modu desberdinez mundu osoan- eta hagitz zaharra... Horrela izanik, aldakorra. Azkenetariko aldaketa horrek, deabruarekin lotu eta gaiztoen besta gisa ikusi eta asmatu zuenak, eman zion astakeria genozidaren arriskua. Urdazubi eta Zugarramurdiko bordariek, San Salbador monasterioaren menpekoek, ezagutu zutena, hain zuzen».
• EKITALDIAK URTE OSOAN
400. urteurrena ospatzeko ekitaldiak izanen dira urte osoan Zugarramurdin
Otsailean, bertzeak bertze, www.turismozugarramurdi.com web orria aurkeztu dute. Turismo aldetik herrian dagoen eskaintza biltzen du euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Horrekin batera, hil honetan museoan eta leizean hezkuntza eta pedagogia programak garatuko dira.
Martxoan, Logroño eta Zugarramurdiko Udalak anaiartu eginen dira. Gisa berean, Mugarik gabeko lurpea programaren barne anaiartu diren leizeen artean, Leizeen Eguna ospatzea aurreikusia dago. Bidaia agentzientzat, berriz, Ateak zabalik jardunaldiak eginen dira.
Aste Santuan, Ilargi Betea, Sorginen Larrea bisita antzeztuak eginen dira. Horrekin batera, apirilean ‘Nafarroako Erreinua’ Turismo Gala leizean eginen da. Oraindik guztiz zehaztua ez badago ere, seguruenik apirilaren 20an eginen da. Egun honetan, sorginek Akelarre bat antzezteaz gain, Nafarroako turismo sariak banatuko dira. Hilabete berean, Nafarroako eskolen artean literatur lehiaketa eta Logroñoko Ipuingintza Laburraren 24. sariketa antolatuko dira.
Maiatzean, Zugarramurdiko umeekin herriko historia eta etxeen izenei buruzko tailerra eginen da, baita argazki rallya ere. Horrez gain, Sorginak! Inkisizoaren Artxiboak eta Zugarramurdi erakusketa ikusgai egonen da Nafarroako hainbat herritan, baita Zugarramurdin ere.
Aurten hirugarren edizioa hartuko duen Sorginen Eguna ere eginen da, ekainaren 19an.
Uztailetik irailera, bisita antzeztuak antolatuko dira, eta Cultur programak musika emanaldi bat ere eskainiko du leizean. Herritik kanpo, Oliteko Jaialdian Akelarre bat antzeztuko dute zugarramurdiarrek.
Azaroan Gustav Henningsen inguruan hainbat solasaldi eginen dira. Hilabete horren 7an eta 8an hildako herritarrak gogoan, argizariak piztuko dira, eta aste hondarrean Sorgin Ehizarekin lotutako ospakizunak eginen dira: kantuak, bertsoak, hitzaldiak...
Eta oraindik data finkatua ez badago ere, auzipetutako 31 «zamurdiarren» omenez, 31 zumar landatuko dira. Gainerakoan, sendabelar tailerra, dantza ikuskizuna, piroteknia eta musika ekitaldiak aurreikusi dira. Zinemaren atalean, baliteke 1610eko gertakari harekin labur bat egitea.