«Gobernuak deus erraten ez badigu, bidea moztuko dugu protestatzeko»

Gurutze PIKABEA 2010eko otsailaren 17a

Pako Errandonea Sunbillako alkatea «nazkatua» dago Nafarroako Gobernuak ez diolako sarbidearen arazoari soluziorik ematen. Gurutze PIKABEA

Pako ERRANDONEA | Sunbillako alkatea

N-121A errepidetik Sunbillara sartzeko bideragurutzeetan maiz gertatzen dira istripuak, eta horietako batzuk larriak. Sarbide hori egin zenetik bortz lagun hil dira trafiko istripuan eta herritarrak nazkatu eta aspertu dira. Soluzioa nahi dute, eta Udalak egokiena gaineko edo azpiko pasabide bat egitea dela uste du. Gobernuak, ordea, erdiko lerro bat egitea proposatu du, eta horrekin batera, bertzeak bertze, Irun aldeko sarbidea kendu nahi du. Arazoari aterabiderik eman ezean, mobilizazioak iragarri ditu Udalak.

 

Aspaldi hasiak zarete soluzio bat eskatzen...
Joan den urte osoan bueltaka ibili ginen, baina ez genuen deus ere lortu. Betirako soluzio bat nahi dugu eta eurek aurkeztu duten erdiko bidea­ren proposamena ez da egokiena. Ez dakit zenbat ordaindu beharko dugun, dagoeneko bortz hildako izan baitira Doneztebe aldetik herrira sar­tzeko bidegurutze horretan, eta eskapada la­tzak ere gertatu dira eta gertatzen dira. Noiznahi gertatzen dira istripuak eta  golpeen ondorioak somatzen dituen adineko jendea ere bada herrian.  Txatarrera joan diren auto berriak ere zenbat ote dira!


Bi sarbide ditu Sunbillak eta bietan gerta­tzen dira istripuak...
Sunbillak dituen bi sarrerak txarrak dira. Baina bat bederen behar bezala egiteko eskatzen dugu, eta ez digute egiten. Doneztebe aldeko sarreran, kamioiak Irun aldetik heldu direnean gertatzen dira istripu gehienak. Izan ere, tuneletik atera eta gainbeheran abidadura haundia har­tzen dute eta kargatuak heldu baldin badira, ezinezkoa zaie gelditzea.


Zer proposatu du Nafarroako Gobernuak?
Gobernuak proposatu duen proiektuarekin, bi errailak ez gurutzatu behar izateko, erdiko lerro bat eraikiko litzateke. Hartara, lerro bakarra guru­tza­tu beharko li­tza­teke. Horrekin batera, Irun aldeko sarbidea ere kendu nahi digute eta hori 13 baserrietarako sarrera da. Elortxuri pare­ko biribilgune ttikiak bortz baserriri ematen die sarrera eta hori ere kendu nahi da. Zer egin behar dute baserritar horiek? Proiektu horren kontrako alegazioak aurkeztu genituen bere garaian, baina ez dugu erantzunik hartu. Behar bezalako biribilgune bat eginez gero, arazoa konponduko litzateke, baina gogoa eta dirua behar dira. Guk gure aldetik ez dakigu zer gehiago egin, eta gainera, Gobernuaren ardura da.


Zer proposatzen du Sunbillako Udalak?
Gaineko edo azpiko pasabidea egitea da gure ustez onena. Ingeniari bat hartu eta azterketa bat egin genuen gaineko pasabidea egiteko. Nafarroako Gobernuan aurkeztu genuen eta euren soluzioa baino hobea zela onartu ziguten, baina Ur Konfederazioan ez zigutela utziko ohartarazi ziguten. Eta halaxe izan zen, gibelera bota ziguten uholdeetan arriskua izan zitekeela erranez. Gerora, gaineko pasabidea maldan izan beharrean, egitura batekin egitea proposatu dugu, eta hortan dago kontua.


Mobilizazioak iragarri dituzue. Zer pentsatua duzue?
Mobilizazioekin hilabete honetan hastekoak ginen, baina Nafarroako Gobernuarekin bertze bilera bat eskatu dugu eta horren esperoan gaude. Ez badigute deus erraten protestekin hasiko gara eta bidea moztuko dugu. Ez dugu guztiz zehaztua, baina hilabetean lehenbiziko ortzegunean ordu laurdeneko mozketak egitea pen­tsatu dugu. Eta denborarekin ordu erdikoak eginen ditugu. Herritar guztiak nazkatuak gaude eta hor egonen gara. Herritarrez gain, hedabideak, alderdi politikoak, herrietako udalak... denak gonbidatuko ditugu. Bertzalde, argi gelditzea nahi dut, Udalak antolatutakoa dela, eta bidearen arazo honi soluzioa eman diezaioten eska­tzeko bakarrik izanen dela, ez dugula bertzelako aldarrikapenik onartutako.

 

BORTZ HILDAKO
«Ez dakit zenbat ordaindu beharko dugun, dagoeneko bortz hildako izan baitira Doneztebe aldetik herrira sartzeko bidegurutze horretan, eta eskapada latzak ere gertatu dira eta gertatzen dira»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun