Erreka elkarteak zortzigarren urtez antolatutako eskuz binakako pilota txapelketan, kadete mailako finalerdiak jokatu ziren igande goizean Doneztebeko pilotalekuan.
Tolosako Aurrera Saiaz taldeko Zelaia eta Elustondok 18 eta 8 irabazi zieten Hernaniko Urkizu eta Murgiondori, eta Titin III.eko Iturriagak eta Aurrera Saiazeko Labakak 18 eta 8 irabazi zieten Oiartzungo Oiarpeko Sarasti eta Imaz-i.
Finalak otsailaren 27an
Honenbertzez, otsailaren 27an jokatuko diren final guziak ere erabakiak gelditu dira.
Benjaminetan, Umore Onako (Goizueta) Aizkorbe eta Apezetxea, Biltokiko (Igantzi) Mitxeo eta Telletxearen kontra ariko dira. Alebinetan, Errekako (Doneztebe) Salaberria eta Mariezkurrenak Titin III.eko (Errioxa) Zaenz eta Alberdi izanen dituzte kontrario. Infantiletan, Zugarraldeko (Burlata) Larunbe eta Sarasa, Biltokiko Telletxea eta Txapagaingo (Ordizia) Iribarriaren aurka ariko dira. Kadetetan Aurrera Saiazeko Zelaia eta Elustondo, Titin III.ko Iturriaga eta Aurrera Saiazeko Labakaren kontra ariko dira. Jubeniletan, Ilunpeko (Azpeitia) Etxaniz eta Aizpuru Errekako Oronoz eta Txarutako Jauregiren aurka ariko dira. 22 urtez beheitikoetan, Aldabideko (Arbizu) bi bikote ariko dira aurrez-aurre: Joseba Ezkurdia-Lukin eta Mattin Ezkurdia-Araña. Maila nagusian, Irigoien-Iparragirre (Lesaka-Leitza) bikotea Renobales-Landiribarren (Aurrera Saiaz, Uharte) kontra ariko da.