Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketak azken txanpara ailegatu dira. Gizonezkoak 680, 640 eta 600 kiloetan ibili dira lehian eta orain 560ekoa gelditzen da erabakitzeko. Emakumezkoetan, berriz, 540 kilokoetan ibili dira eta 500 kilokoa hurrengo larunbatean erabakiko da.
Gizonezkoetan sei talde aritu dira: Abadiño (Bizkaia), Amaiur, Barrundia (Agurain, Araba), Berriozar (Nafarroa), Lapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia). Joan den larunbatean Iruritan jokatu zen 560 kilokoen bigarren jardunaldia, eta aitzinekoan Zeberion (Bizkaia) egin bezala, Abadiñok gainerako bortz kontrarioak menean hartu zituen, tartean Amaiur, bere aurkari nagusia. Jardunaldi bakarra falta da, eta sailkapen nagusian honela dago kontua:
1-Abadiño: 12 puntu
2-Amaiur: 10 puntu
3-Sokarri: 8 puntu
4-Ñapurrak: 6 puntu
5-Berriozar: 4 puntu
6-Barrundia: 2 puntu
Emakumezkoen 500 kilokoari dagokionez, lau talde ari dira lehian: Badaiotz (Gasteiz, Araba), Beti Gazte (Lesaka), Ibarra (Gipuzkoa) eta Sakana (Nafarroa). Emakumezkoetan ere, aitzinekoan Zeberion izan zen sailkapena errepikatu zen Iruritako saioan:
1-Badaiotz: 8 puntu
2-Sakana: 6 puntu
5-Beti Gazte: 3,5 puntu
4-Ibarra: 2,5 puntu
Aipatu bezala, larunbat honetan, otsailak 20, erabakiko da dena Arrigorriagan. Ohi bezala, pisaketak 14:00etatik 15:30era eginen dira eta lehiak 17:00etan hasiko dira. Larunbatekoa izanen da, halaber, aurtengo Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketei bukaera emanen dien jardunaldia.