Hotz haundia egin arren, inauterietaz gozatzen ari dira hainbat herritan. Igandean, adibidez, Lesakan zaku-zaharren txanda izan zen, eta Beran inude eta artzainena. Hotzagatik edo ez dakigu zergatik aitzinekoetan baino zaku-zahar guttiago atera zen Lesakan, 30 eskas. Musika Bandaren doinuekin ohiko itzulia egin zuten 17tik 35 urtera bitarteko zaku-zaharrek.
Gaur ere, segida izanen dute inauteriek, eta goizean Fraindarrak auzoetako baserrietan ibiliko dira eta eguerdian, 12:30 aldera inauterietako orgak agertzen hasik odira Plaza Zaharrean. Arratsaldean , 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean.
Beran, berriz, 50 bikote inguru atera ziren, mutilak inudez jauntzita eta neskak artzainez jauntzita. Goizean 10:00etan Eztegara pilotalekutik abiatu eta bazkaltzeko ordura arte ohiko dantzak eginez aritu ziren: medikua iñudikin dagoeneko agerraldia, Lehenbiziko eta bigarren Kontradantza, Bestarik behar bada, Armeniako artzainak, eta nola ez, Inudeak eta Artzainak martxa. Momo Erregea eta bere laguntzaileak ere.
Gaur, berriz, zingar-arraultzea izanen da goizean.
Bertzalde, aipatzekoa da, Etxalarren eta Goizuetan ere inauteri egunak direla.