Euskal Kantuzaleen Elkarteak bertze urte batez Haur Kantari Jaialdiak antolatu ditu. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago eta otsailaren azken astera arte egonen da horretarako aukera. Kantuzale Elkarteko 948 144706 telefono zenbakira deituz edo nafarroagaraia@kantuzale.net helbide elektronikoan egin daiteke. Horrez gain, Nafarroako edozein irrati euskaldunetan ere apuntatzen ahal da. Eskualdeari dagokionez, Xorroxin Irratiaren 948 581226 edo Leitzako Karrape Irratiaren 948 610914 telefonoetan.
Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkez ditzake eta partaide bakoitzak bi kanta egin ditzake, nahi duen modukoa, izan zaharra, berria edo norberak sortua. Aitzineko edizioetan, Kantuzale Elkarteak bi kanta aurkezteko aholkatu izan du.
Martxoaren 6an Elizondon
Lehenbiziko jaialdia otsailaren 27an Antsoainen eginen da, 18:00etan hasita. Bigarren saioa Elizondoko Lur dantzalekuan eginen da, martxoaren 6an, 18:00etan. Hirugarren saioa martxoaren 13an izanen da; laugarrena martxoaren 20an eta azken saioa martxoaren 28an Iruñeko Gaiarre antzokian, 11:30ean hasita.
Egoera ekonomikoa ez da sobera ona Kantuzale Elkartean, eta hala, aurten ez da ez da saririk banatuko Gaiarre antzokian. Horren ordez, opari bat emanen da.
Lerro hauek idazterakoan jaialdia antolatzeak zenbateko aurrekontua izanen duen ez zegoen zehaztua, baina gutti goitibeheiti 20.000 eurokoa izanen dela aipatu digute elkartetik.