Elurrak eta hormak arriskutsu bilakatu ditu errepideak. Ortzegun goizean, zenbait istripu ttiki gertatu ziren, baina eskapadak eta bidetik ateratzeak aunitz izan ziren. Zorionez, gure inguruan ez da zauritu larririk izan. Nafarroa osoan larrialdi laranja egoera ezarria dago ortziral arratsaldeko 15:00ak arte.
Errepide nagusiak zabalik mantendu baldin baziren ere, gure inguruan Artesiagako gaina, Irurita eta Eugi arteko NA-1740 errepidea itxia zegoen eta Ezkurrako kaxkoan kateak beharrezkoak ziren.
Ortzegun goizean Leitzarako Autobidea itxia egon zen Donostiarako norabidean eta Leitzako Pagozelai inguruan, tarteka bidea itxi zuten, elurra kentzeko kamioi eta langileen lana errazteko. Aipatzekoa da Goizueta, Lesaka eta Berako suhiltzaileak ere errepidea garbitzen eta elurra kentzen aritu zirela egun osoan, ibilgailuen eta oinezkoen harat-honatak errazteko.
Aholkuak
Eguraldia ikusita, behar beharrezkoa ez bada autoa ez hartzea aholkatu du Nafarroako Gobernuak. Nahitaezkoa bada, egunez bidaiatzea eta errepideen egoeraren berri izatea eskatu die gidariei, autoaren egoera aztertzea eta krratia, kateak, linterna, sakeleko telefonoa eta arropa eramatea aholkatu. Mantso joatea, martxa laburrak erabiltzea eta hormatutako zatietan frenoa ez sakatzeko gomendioa ere eman du.