Urtarrilean Haiti laguntzeko Bidelagun elkarteak egin zuen kanpainak bere eragina izan du eskualdean, batez ere Baztan-Malerreka-Bertizarana-Urdazubi eta Zugarramurdin: 7.500 kilo janari; hiritarren parte-hartzea, boluntariotzaren mugimendua biltzen, antolatzen, garraiatzen; gazteen inplikazioa hainbat ekitaldiekin eskoletan, herrietako gazte taldeetan, tabernetan. Elkartasunak hainbat aurpegi erakutsi ditu, eta, era berean, adierazi “bertzelako mundua posible dela” justizian eta elkartasunean oinarrituta. Hau izan da Haiti laguntzeko kanpainaren emaitza, elkartearen ustez.
Bidelagunek bat egin zuen Behar Bidasoarekin, eta jendearen erantzuna ezin hobea izan da. Donezteben 3.000 kilo inguru bildu ziren, eta Elizondon 4.500 kilo. Mantak eta maindireak ere aunitz bildu dira.
Jendearen kezka nagusia emandakoa Haitira ailegatuko ote den jakitea zen. Alde horretatik, Bidelagun elkarteak garbi utzi nahi izan du kasu honetan, “gure herritarrak emandako laguntza zuzenean iritsiko dela Zumarragako Mercedaria Ahizpak Santo Domingon duten egoitzara, eta handik Haitira. Guzti hau kontrolatua dago eta zuzenean etxeetan banatuko dute”.
Otsailaren 20an abiatuko da
Otsailaren 20an aterako da lehenbiziko kontainerra Bilboko portutik. Eskualdean nahiz Bidasoa-Txingudin aldean bildutako laguntzarekin, denetara 27.000 kilo janari bidaliko dira Haitira.
Bidelagun elkarteak argi dauka: “Egin duguna larrialdiko laguntza da. Ez da hemen akitzen. Haiti erabat hondatua gelditu da. Urteak beharko ditu burua goratzeko, eta gure laguntza behar-beharrezkoa izanen da hurrengo urteetan. Behar Bidasoak erakutsiko digu nola segi laguntzen”.