Ortzegun Gizeneko ospakizunek hasiera emanen diete inauteri ofizialei

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 10a

Lesakako bi haur, "Arraultze-arraultze" eskatzen duela bi urteko Ortzegun Gizenean. TTIPI TTAPA

Orakunde Eguna izanen da Baztanen eta "Zingar-arraultze" eskatuko da Bortzirietan

Gibelean gelditu dira Sunbillako karrozak, Aurtiz, Ituren eta Zubietako joaldunak edo Igantzi eta Arantzako mozorroak eta orain, Ortzegun Gizeneko ospakizunekin hasiko da inauteri ofizialen txanda. Baztanen oraindik segida handia du Orakunde Egunak edo Egun ttun-ttunak. Oilar Dantza egiten dute orainik hainbat herritan eta haurrak dira protagonista.

Etxalarren ere ttikienak izanen dira inauteriak hasten lehenbizikoak. Ortzegun honetan, otsailak 11, ospatuko dute Ortzegun Gizena, aspaldiko ohiturari segituz, etxez etxe eskean. “Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar-arraultze, bat ezpada bertze, biyek hobe” kantatuz, puxkak bilduko dituzte goiz osoan, kuadrilla ttikitan banatuta. Arratsaldean, herrian kalejiran ibiliko dira, auzoz auzo antzerkiak eskainiz. Azken urteotan Berako Raul Gartziarekin ikasi dituzte antzerkiak eskolan.

Lesakan ere “Arraultze Arraultze, zingar arraultze, bat ez bada bertze” eskatuz ibiliko dira ortzegun goizean haurrak koadrila ttikietan banatuak, herriko karriketan eta baserri auzoetan. Goizean bildutakoekin aunitzek berendua egiten dute arratsaldean berean. Asteazkenean, goizeko 11:15ean, inauterietako jaialdia eginen dute Irain eskolan.

Beran ere asteazkenean hasiko dira ospakizunetan, Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolak antolatuta, 16:45ean hasita kalejira eginen baita, Zahar Etxea bisitatuz, beti ere euririk egiten ez badu. Ondotik, entzunaldia, mozorro lehiaketa eta berendua izanen dute Musika Eskolan.
Ortzegun Gizen arratsaldeko 15:45ean haur eta gaztetxoen inudeak eta artzaiak aterako dira Suhiltzaileen parketik Kultur Etxera. Euria eginen balu ekitaldia 16:00etan eginen litzateke Eztegara pilotalekuan. Segidan, 16:30ean, haurrentzako dantzaldia izanen da Eztegara pilotalekuan, Xurdin taldearekin.
Aipatzekoa da helduak ere Inude eta Artzaiak prestatzen hasiko direla Beran. Lehen entsaioa otsailaren 10ean, asteazken arratsaldeko 20:00etan eginen dute Eztegara pilotalekuan eta ortziralean toki eta ordu berean. Bazkarirako txartelak ere entsaio egunetan salduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun