Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketako bi saio jokatu ziren asteburuan Ezpeletan (Lapurdi) eta Zeberion (Bizkaia).
Ezpeletan larunbatean gizonezkoen 560 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen merkatu ondoko kirol gelan.
Gizonezkoen 560 kilokoari dagokionez, sei talde aritu dira lehian: Abadiño (Bizkaia), Amaiur, Barrundia (Agurain, Araba), Berriozar, Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia).
Abadiñok sasoiko jardun du, eta bortz kontrarioak mendean hartzeaz gain, tinkotasunez ekin dio txapelketari, eta txapelari eusteko hautagai sendoa dela erakutsi du. Bizkaitarrek 600 kiloko txapela jantzi zuten joan zen larunbatean Aramaion, eta han aritu zen zortzikoarekin alderatuta, bizkaitarrek aldaketa bat egin dute soilik. Jardunaldiko lehen postuaz jabetzeko, Amaiur aurreikusten zen kontrariorik indartsuena. Jardunaldiko azken txandan neurtu dituzte indarrak. Ordu arte, mendean hartu dituzte lau kontrarioak, eta 12na tantorekin heldu dira neurketara. Abadiñok irabazi ditu bi tiraldiak, 2 minutu eta 40 segundoan, eta, 2 minutu eta 13 segundoan. Amaiurrek eutsi egin zion joan zen larunbateko zortzikoari, baina jautsi egin behar izan zuten pisua astean zehar.
Hirugarren posturako lehian, Sokarri aritu zen indartsuen. Laugarren Ñapurrak izan zen, bosgarren Berriozar eta seigarren Barrundia.
Gizonezkoen 560 kiloko lehen jardunaldiko sailkapena:
1. Abadiño (Abadiño, Bizkaia): 15 tanto
2. Amaiur (Amaiur, Nafarroa Garaia): 12 tanto
3. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia): 7 tanto
4. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 6 tanto
5. Berriozar (Berriozar, Nafarroa Garaia): 4 tanto
6. Barrundia (Agurain, Araba): 0 tanto
Emakumezkoen 500 kilokoari dagokionez, lau talde lehiatu dira: Badaiotz (Gasteiz, Araba), Beti Gazte (Lesaka), Ibarra Gipuzkoa) eta Sakana (Nafarroa). Sakanak eta Beti Gaztek jokatu dute lehen txanda, eta hortxe erabaki da hein handi batean gaurko lehen jardunaldiko bigarren postua. Izan ere, Badaiotzek nagusitasunez irabazi ditu jokaturiko hiru txandak. Nafarren arteko lehian, lehen tiraldiak 3 minutu iraun du eta Sakanak irabazi du. Bigarren tiraldia ere sakanarrek irabazi dute minutu eta 23 segundoan. Ibarrak ez du lortu tiraldirik irabaztea.
Emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldiko sailkapena:
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 9 tanto
2. Sakana (Arbizu, Nafarroa): 6 tanto
3. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa Garaia): 3 tanto
4. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa): 0 tanto
640 kilokoan ere Abadiño txapeldun
Biharamonean, otsailaren 7an, gizonezkoen 640 kiloko txapela erabaki zen jardunaldi bakarrean Zeberion. Abadiño taldeak irabazi zuen txapela, gaur (otsailak 7), Zeberion (Bizkaia). Abadiñarrek, jokaturiko hiru txandak eta sei tiraldiak irabazi zituzten, nagusitasun handiz. Horrenbertzez, aurtengo txapelketako hirugarren txapela jantzi dute, 680, 600 eta 640 kilokoak hain zuzen ere.
Zeberion ez zen nafar ordezkaririk izan, ez Amaiurrek ezta Berriozarrek ere ez baitute kategoria honetan parte hartu.