Elizondon Foruzaingoaren komisaldegi berria egiteko Baztan Balleko Udalak proposatu duen eremua onartu egin du Nafarroako Gobernuak, otsailaren 8an egindako batzarrean. Lan honetarako milioi bat euroko inbertsioa eginen da, eta Navarra 2012 Planean lehentasuneko egitasmoa da.
Joan den urteko apirilean elkarlan hitzarmena sinatu zuten Virginia Aleman Baztango alkateak eta Javier Caballero, Nafarroako Gobernuko presidente orde eta Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak. Hitzarmen horren bidez, Baztanek doan uzten zuen Baztanberri plazako eremua, komisaldegia bertan egiteko. Baina kokapen hori ez zen baztandar aunitzen gustoko izan eta herrigune erdian eta haur gehien zegoen auzoan egin gogo zela salatu zuten. Honela, Baztan Balleko Udalak partzela berri bat bilatu zuen eta otsailaren 1eko batzarrean, Txokoto inguruko Erabetan eskaini zuen.
Honela, otsailaren 8ko batzarrean, Nafarroako Gobernuak elkarlan hitzarmena aldatzea eta Baztango Udalak proposatutako leku berria onartzea adostu zuen. Nafarroako Gobernuak berak bere gain hartuko ditu eraikin berria egiteko lanak, baita bere ekipamendua eta urteko funtzionamendu gastuak.
Proiektuaren idazketa eta eraikuntza lanak lizitazio prozesuan daude. Behin lanak emanda, hamabi hilabeteko epea izanen da akitzeko.
Elizondoko Foruzaingoaren komisaldegia 2006ko abenduaz geroztik dago Santiago karrikako 57ko bulego batean eta bertatik, Baztan, Bortziriak, Urumea, Malerreka, Bertizarana, Odieta, Ultzama eta Anueko 27 udalerri eskaintzen dio zerbitzua, 27.000 bizilagun ingururi.