Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatu ditu Etxalarko Usategiak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 9a

Usategietan, sare bidez usoak harrapatzen. TTIPI TTAPA

Sare bidezko ehiza sistema honen idatzizko lehen agiria 1378koa

Nafarroako Gobernuak otsailaren 8an egin zuen batzarrean Interes Kulturaleko Ondasun izendatu ditu Etxalarko Usategiak, paisai kulturalaren kategorian.
Nafarroako Gobernuak izendapena onartzeko eman dituen argudioen artean, aitzinako ehiza sistema berezia dela aipatu du, eta bere ezaugarri bakan horiengatik Nafarroako kultur ondaretzat babestua izatea merezi duela.
Etxalarko uso ehizari buruzko lehen testu idatzia 1378koa da eta ondoko bertze zenbait agiriek garbi erakusten dute Etxalarren sare bidez egindako ehizak izan duen garrantzia.  Gaur egunera horrela ailegatu denez, etorkizunera begira ere mantendu beharrekoa dela uste du Nafarroako Gobernuak.
Usategietako lepoan, Iarmendi inguruan egiten den ehiza sistema aski berezia da. Mendikarri, Txorilepo, Lakain, Gaztelepo eta Zinkuenta inguruan, zuhaitzekin bortz pasabide egiten dira, zuzenean sareetara doazenak.. Sareen aldeetara trepak daude, 20 bat metruko dorreak, eta hortik usazaleek sareetara bideratzen dituzte, aitzinako sistemak erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun