Logroñoko Fede Autoaren laugarren mendeurrena, Ofizio Sainduaren Epaitegiak sorginkeria egotzita 31 zugarramurdiar epaitu zitueneko prozesua Turismo Gala 2010erako prestatu den egutegi bereziaren barne kokatu da. Aipatutako egitaraua joan den ortziralean, otsailaren 5ean aurkeztu zuten Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko Turismo eta Kultura Kontseilariak, Jesus Agerre Zugarramurdiko alkateak, Carlos Erce Turismoko Zuzendari Nagusiak, eta Ainhoa Agirre, Zugarramurdiko Garapena enpresaren kudeatzaileak. Ekitaldia bera toki sinboliko batean izan zen, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian hain zuzen ere. Artxibo honetan sorginkeria prozesu honekin erlazionaturiko hainbat dokumentu gordetzen dira.
Corpas kontseilariak Nafarroako Gobernua eta herri ttiki honen artean betidanik izan den lankidetza azpimarratu zuen. Lankidetza honen fruitu urte honetan, bereziki Zugarramurdin eta sorginkeriarekin erlazionaturiko bertze hainbat tokietan ere burutuko diren ekitaldien prestaketa eta hauentzat emandako dirulaguntza izan dira. Kontseilariaren hitzetan, “ekitaldi hauen bidez prozesua jasan eta erailak izan ziren pertsonak omendu nahi dira”. Honetaz gain, “Inguruko edertasuna eta Zugarramurdik duen erakargarritasun historikoa aprobetxatu nahi da erakargarri turistiko gisa agertzeko”.
“Sorginen Herria. 400 urte”
Egutegi berriaren elementu nagusi gisa, 2010eko “Nafarroako Erreinua” Turismo sariak emateko balioko duen “Akelarrea lezean” ikuskizuna aurkeztu da. Aipaturiko gala ohiko eszenatokiz aldatu eta Zugarramurdiko Lezera eramanen dute apirilaren 20an, seguruenik. Nafarroako turismo sektorea Zugarramurdira hurbilduko den Gala honetan, sorginek akelarre bat antzezteaz gain, turismo sariak ematea aurreikusita dago.
Ekitaldiak ez dira apirilean bakarrik izanen. Zugarramurdi Foru Erkidegoko proposamen turistikoetako bat izanen da, bertako eta kanpoko bisitariei zuzendua. Nafarroako Gobernua Zugarramurdiko ikur den “Sorginen Herria. 400 urte”-ren promozio, publizitate, eta autoritate ezberdinen eta herritarren arteko egitarau bateratuaz arduratuko da. Hauek dira hilabeteka eskainiko diren ekitaldiak:
Otsaileko ekitaldien artean, ortziral goizean berean www.turismozugarramurdi.com web orriaren aurkezpena egin zuten, herriko eskaintza turistikoa bateratzen duen orria -Lezea, Sorginen Museoa, Turismo Bulegoa, ostatu, jatetxe eta alojamentu eskaintza eta Xareta eskualdeko errekurtsoak- urtean zehar garatuko diren zerbitzu eta ekitaldien informazio eguneratuarekin. Horretaz gain, otsailean ere Museo eta Lezean hezkuntza eta pedagogia programak garatuko dira. Martxoan, Logroño eta Zugarramurdiko udaletxeen arteko erakunde ekitaldi bat burutuko da, bi herriak anaiartuko direlarik. Bertzalde, “Mugarik gabeko lurpea” programaren barne anaiartu diren lezeen artean “Lezeen Eguna” ospatzea aurreikusita dago. Bidai agentziek ere “ateak zabalik” jardunaldiez gozatzeko aukera izanen dute.
Aste Santuko erakargarritasun nagusia Lezerako bidean doan eginen diren “Ilargi Betea, Sorginen Larrea” bisita antzeztuak izanen dira. Turismoko sariak emateaz gain, apirilean ere Nafarroako eskolen artean literatur lehiaketa eta Logroñoko “Ipuingintza Laburra”-ren 24. edizioaren saria antolatuko dira.
Maiatzean Zugarramurdiko umeekin herriko historia eta etxe izenei buruzko tailerra burutuko da, argazki “rallye” batekin batera. Honetaz gain, Iruñan “Sorginak! Inkisizioaren Artxiboak eta Zugarramurdi” erakusketaren estreinaldia aurreikusita dago. Beranduago erakusketa hau nafarroako bertze herrietan ikusteko aukera izanen da Zugarramurdira iritsi aitzinetik.
Ekainak 19an Sorginaren Egunaren hirugarren edizioa izanen da.
Uztaila iraila bitartean bisita antzeztuak antolatuko dira berriz ere. Cultur programak Lezean musika ekitaldi bat eskainiko du eta zugarramurdiarrek Oliteko Jaialdiaren barruan akelarre bat antzeztuko dute.
Azaroan Gustav Henningsen-en inguruan hitzaldi saila garatuko da. Hilabete bereko 7 eta 8an prozesuan eraildakoen oroitzapenez argizariak piztuko dituzte, eta asteondarrean Sorgin Ihiziaren ospakizuna kantu, bertsolari, hitzaldi etabarrekin.
Data zehaztu ez bada ere, auziperatutako 31 “zamurdiarren” omenez 31 zumarren edo “zugarren” landaketari ekingo zaio. Bertzalde, sendabelar tailerra, dantza ikuskizuna, piroteknia eta musika ere aurreikusita daude. Zinema esparruan ere Zugarramurdik bere txokoa izanen du, Iruñan eginen den zikloarekin eta amaitzeko, Lezean eginen den emanaldiarekin. Agian ere, herri honen historia lazgarriari buruz animazio laburmetrai bat eginen da.