Mendialdeko egoera ekonomiko larriari aitzin egiteko “neurri zehatzak lehenbailehen hartzea” eskatu du EAk

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 8a

EAko udal ordezkariak, joan den urtean egindako bertze bilera batean. TTIPI TTAPA

Bortziriak, Leitzaldea eta Malerrekako alkate eta zinegotzien ustez “lan arloan urte bukaera ezin txarragoa” izan da

Eusko Alkartasunaren ustez, “mendialdeko jarduera ekonomikoa berpizteko neurri zehatzak lehenbaileen hartu behar dira, hasi dugun urte honi bertze ikusmira batekin aurre egin ahal izateko”. Enplegu arloan, “urte bukaera ezin txarragoa” izan dela ere adierazi zuten, azaroan bakarrik Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandako langabetuen kopurua %11 igo baitzen urriarekin konparatuz. Bortziriak, Bertizarana, Leitzaldea eta Malerrekako EAko alkate eta zinegotziak larunbatean bildu ziren Donezteben eta aipatu zutenaren arabera, “krisiak dagoeneko sektore guziei eragiten die”. Bileran, egoera ekonomikoaz aritu ziren gehien bat, baina EAren jarduera politikoaz eta eta Nafarroa Bai koalizioaz ere aritu ziren.

Kezka-iturri nagusia eskualdeko industriaren egoera da EArentzat, bereziki azken aldian onartutako EREak, Funveran (47 kaleratu), Condesan, Saveran eta Arcelorren (uztaila bitarte luzatu dute azkeneko EREa). Kider eta Maderas Zabala lantegietan ere egera zaila dute. Lantegi hauen jardueraren jautsierak eragin kaltegarri zuzena dauka garraio arloan, baita bertze enpresa ertainetan ere (ibilgailuen moldaketa tailerrak, aroztegi metalikoak, iturgintza, etab…) eta horren domino-efektua ostalaritza bezalako bertze sektore batzuetara ailegatzen da. Gainera, N-121A errepideko lanak bukatu direla kontuan hartuz, horrek ere eragina izan du eraikuntza arloaren gainbeheran.
Zer erranik ez, abeltzaintza eta nekazaritza sektorea, berez zuen egiturako egoera kritikoa, krisi ekonomiko egoera orokorrarekin larriagotu baita.

Itxaropen izpiak
Eusko Alkartasunaren ustez, itxaropenerako izpi bakan batzuk ere badira. “Berako Manufacturas Alco poliki-poliki zulotik ateratzen hasi da, langileek hartu duten ardurarengatik eta Leitzaldean Sarriopapel ere ongi ari da lanean. Orain, Legasako industrialdea garatzeko Nafarroako  Gobernuak iragarri dituen ekimenen esperoan gaude, baina ziurgabetasuneko egoeran gaude”.
Bertze aldetik, zerbitzu arloan, etxez etxeko enpleguari ere bide eman behar aziola uste du EAk. “Behar guzien soluzioa ez bada ere, arlo hau bultzatu beharko lukete instituzioek, portaera ona baitauka, baina orain arteko garapena mugatua dauka”. Horregatik, Dependentzia Legearen aurrikuspenek lehenbailehen “garapen zabala” izatea eskatu du EAk. “Afera hau Espainiako eta Nafarroako Gobernuei dagokie, eta gaur gaurkoz jarduera ekonomikoa eta gizarte zerbitzua batera eskaintzen dituen sektore hau bultzatzeko aukera galtzen ari dira”.


UPNko gobernuaren diskriminazioa

Mendialdeak “UPNk gidatzen duen Nafarroako Gobernuaren diskriminazioa jasaten “ segitzen duela uste du EAk. “Obra zibila eta lehentasunik ez duten proiektuak (Reyno de Navarra Arena pabilioia, Sanferminen Museoa…) Iruñerrian pilatzen segitzen duen bitartean, hemen oraindik ez da zonaldean iragarritako Eguneko Zentroaren eta Osasun Zentroaren lanekin hasi ere egin, bai oinarrizko osasun zerbitzuen aldetik, baita lanpostuen aldetik behar beharrezkoak direnean”- Aldi berean, oraindik gauzatzeko dauden azpiegitura publikoetan Doneztebeko ikastetxe publikoa eta Iturengo Haur Eskola azpimarratu dituzte EAko ordezkariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun