Gareseko udaletxeko erabilera anitzeko aretoa leporaino bete zen larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final-laurdenean. 150 bat lagun bildu ziren giro hagitz politean. Saio irregularra izan zen. Zortziko handiko ariketan ez zuten sobera asmatu; ttikikoan, berriz, lan polita egin zuten sei bertsolariek eta publikoak aunitz txalotu zituen. Kartzelan ale politak utzi zituzten. «Telebistako makillaje gelan zaude. Hamar minutu barru egingo dizute elkarrizketa» zen gaia. Xabier Terrerosek, adibidez, poliki kantatu zuen Zapateroren paperean. Estitxu Arozena, hiru urteko atsedenaldiaren ondotik, oholtza gainera itzuli zen, baina bertsotan aritzeko doaiak ez dituela galdu erakutsi zuen. Kartzeleko gaian asmatu ez bazuen ere, ordura arteko lana aski izan zuen nagusitasunez lehen postua eskuratzeko.
Puntuazioa
Estitxu Arozenak 407 puntu eskuratu zituen; Eneko Lazkozek 386; Terrerosek 382; Jon Elizetxek 367,5; Alazne Untxalok 333; eta Ioar Taintak 318.
Finalaurrekoetara sailkatuak
Beraz, honako bertsolariak izanen dira finalaurrekoetan: Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Arkaitz Goikoetxea, Xabier Legarreta, Ander Fuentes «Itturri», Estitxu Arozena, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza, Eneko Lazkoz, Iñigo Ibarra, Xabier Terreros, Oskar Estanga, Iñaki Aleman, Jon Elizetxe, Aimar Karrika, Migel Mari Elosegi «Luze» eta Saioa Alkaiza. Hurrengo hitzordua, otsailaren 20an, Etxarri Aranatzen.