Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren azken-laurdena eta ondorioz lehenengo faseko azken saioa Garesen izanen da datorren otsailaren 6an, larunbatean, Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan arratsaldeko 17,30ean. Aizarotz, Sunbilla eta Agoitzen bezala, sei bertsolari ariko dira bertsotan, finalaurrekoetarako zuzeneko pasea eskuratu nahian. Lehen sailkatua, datorren otsailaren 20an Etxarri Aranazko finalaurrekoan egonen da eta gainerako bertsolariek puntuazioen zain egon beharko dute finalaurrekoetarako txartela lortuko duten edo ez jakiteko.
Garesen izanen direnen artean, hiru bertsolari lesakar daude: Xabier Terreros, Ioar Tainta, aurten lehen aldiz Txapelketan parte-hartuko duen bertsolari gaztea eta Estitxu Arozena, bi aldiz Nafarroako txapelduna izandakoa. Atsedenaldi baten ostean berriz ere itzuliko da taula gainera. Hiru bertsolari hauekin batera, Alazne Untxalo Iturengo bertsolari gaztea eta iaz finalaren atarian gelditu ziren bi bertsolari ariko dira, Eneko Lazkoz etxarriarra eta Jon Elizetxe gartzaindarra.
Asteburu honetako azken-laurdenean beraz, saioko sailkapena ezagutzearekin batera, finalaurrekoetarako sailkapena ere ezagutzera emanen da. Iazko sailkapena kontutan hartuta, Julio Soto, Iñigo Olaetxea eta Jon Barberena zuzenean egonen dira finalaurrekoetan eta hauekin batera, orain arte sailkatutako Arkaitz Goikoetxea, Xabier Legarreta eta Ander Fuentes “Itturri”.
Finalaurrekoak
Otsailaren 20tik aurrera, hiru finalaurreko jokatuko dira:
- Otsailaren 20an, Etxarri Aranazko Kultur Etxean, 17,30ean
Julio Soto eta azken-laurdenetan sailkatutako bost bertsolari
- Otsailaren 27an, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17,30ean
Iñigo Olaetxea eta azken-laurdenetan sailkatutako bost bertsolari
- Martxoaren 7an, Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian, 17,30ean
Jon Barberena eta azken-laurdenetan sailkatutako bost bertsolari