Doneztebeko Enplegu Bulegoan 1.214 langabetuk emana zuten izena urtarril hondarrean, 2009 urte bukaeran baino ehun gehiagok. Kasik %9an igo da langabetu kopurua eskualdean eta Nafarroa osoan langabezia gehien igo den bigarren bulegoa da Doneztebekoa. Azkeneko lau hilabetetan igoera bortitza izan da, iraileko 915 langabetuekin konparatuz 300 gehiago baitaude gaur egun.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 279 kontratu gauzatu ziren urtarrilean, baina horietatik 443 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, denetan somatu da igoera, baina 25 urtetik goitikoen artean gehien. 25 urtez goitiko gizasemeetan 486tik 539ra igo da, adin horretako emakumeen artean, berriz, 489tik 522ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan 87tik 98ra igo da langabetu kopurua eta emakumeetan, 52tik 55era igo da.
Arlo guzietan goiti
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta urtarrilean, gainera, nabarmen goiti egin du. 2009 urte bukaeran 617 ziren eta urtarrilean 663, 46 gehiago. Industrian ere indartsu goiti egin du, 252tik 296ra, kontuan hartu behar baita Funveran bakarrik 47 langile kaleratu dituztela. Eraikuntzan, 2 lagun gehiago daude langabezian, 167; nekazaritzan, 25etik 28ra igo da langabetu kopurua. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean ere igo egin da langabetu kopurua eta 60 ziren urtarril hondarrean, 2009 bukaeran baino 5 gehiago.