Zubietara egindako bixitarekin akitu dira aurtengoz joaldunen harat-honatak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 3a

Giro ederra izan zuten joaldunek eta mozorroek inauterietako asteartean. ttipi-ttapa

Kontuen egunak izanen dira orain, asteazkenean Zubietan, larunbatean Iturenen eta igandean Aurtitzen

Eguraldi eguzkitsua lagun zutela akitu zituzten asteartean joaldunek herri arteko harat-honatak. Ituren eta Aurtizko joaldunek bezperako bixita bueltatu zieten zubietarrei eta denetara, 66 joaldunen joare soinuak aditu ziren Zubietan. Horietatik 30 Zubietakoak ziren, 23 heldu eta 7 haur. Beteranoena, Marcos Juanikotena zen, 71urterekin eta 56 urteko Juanito Santestebanekin batera erreldoa irekitzen zuten.  Zubietarren artean 5 neska gazte ere baziren: Maritxu Sanchez, Ane Ansó, Olaia Loiarte, Olatz Baleztena eta Mikele Etxekolonea.
Zubietako plaza jendez gainezka zegoen, bortz autobus ere hurbildu baitziren. Zubietako joaldunak errota aldera atera ziren joareak astinduz, Aurtiz eta Iturengoei esperatu eta denak batera Zubietara sartzeko. Plaza, mozorroak beraien gaixtakerietan, jendea bustitzen eta arrainarekin igurtzitzen.

 

Kontuen egunak

Behin inauterietako eguh handiak pasatuta, kontuak egiteko tenorea ailegatu da orain. Zubietan asteazkenean egiten dituzte, bazkalondoan. Iturenen heldu den larunbatean eginen dute eta Aurtizen igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun