Mendien artean jaio zen, eta mendien artean bizi da. Baina halere, arrauna aukeratu du Iker Mariezkurrena sunbildarrak. Ttiki-ttikitatik egin izan du kirola, eta gaztetxoa zela, «futbolean eta batez ere bizikletan» ibiltzen zen. Halere, 16 urterekin «dena» utzi eta urte batzuetan «deus» egin gabe egon zen, 26 urterekin berriz hasi zen arte. Eta orain, joan den urteaz geroztik, Hondarribiko arraunlarien taldean ari da, ARC ligan. Bigarren mailan, beraz.
Orioko lagun baten bidez hasi zen arraunean Mariezkurrena: «betidanik gustatu izan zait, eta Orioko lagun batek animatu zidan». Eta halaxe egin zuen: «probatu eta gustatu». Geroztik, «engantxatua» dagoela aitortu digu.
Kirol gogorra aukeratu duela badaki. Izan ere, liga ekainean hasten den arren, azaroan hasten dira entrenamenduekin. Asteko zazpi egunetan entrenatzen dute gainera: «astelehen, asteazken eta ortziraletan pesak egiten ditugu, astearte eta ortzegunetan ergometroa eta larunbat eta igandetan uretara ateratzen gara». Maila nagusian edo ARC ligan ari diren arraunlariekin batera entrenatzen dute, denak ere, prestatzailearen aginduetara. «Gehienbat ipurdian, eskuetan eta abdominalak egiten sufritzen» duela adierazi digu: «uste baino kirol gogorragoa da, baina polita da».
Burdin aunitz eta besta gutti
Elikadura ere zaindu behar izaten dute: «burdina igotzeko bitamina aunitz ematen dizkigute», azpimarratu du. Arraunean hasita pisuan izandako beherakadaz ere ez da atzendu: «90 kilorekin hasi nintzen, eta hamar kilo galdu nituen berehala. Joan den urtean 79 kilorekin egondu nintzen, inoiz eduki dudan pisurik baxuena».
Elikaduraz gain, besta ere alde batera utzi behar izan du Sunbillako gazteak: «irailean akitzen da denboraldia eta irailetik azarora, edo gehienez ere urtarrilera bitarte egiten ahal dugu besta. Eta urtarriletik ekainera Aste Santuan, eta gutti gehiagotan». Dena den, «gustura» dagoela erran digu, nahiz eta aitortu «lehenago hagitz bestazalea» zela. Noizean behin, astean egun bat ere libratzen dutela gaineratu digu.
Onena eta okerrena
Estropadei buruz galdetuta, «ikaragarriak» direla nabarmendu digu: «20 minutu izaten dira, baina atope ibili behar da eta leher eginak akitzen dugu». Pesak eta abdominalak egitea ere ez du gustuko, baina beharrezkoa omen da arraunean ibiltzeko: «etzanda aunitz jarri behar izaten da eta abdominalak aunitz landu behar dira». Gogorrena, berriz, itsasoan ibiltzea omen da, «batez ere, olatuak daudenean. Trainera mugitu egiten da eta palekin asmatzea zaila da».
Sasoiko ikusten du bere burua, eta bere irudiko, «joan den urtean baino hobeki» dago. Baina oraindik ba omen du non ikasia: «itsasoan ibiltzen ikasi behar dut», erran digu. Teknika eta sasoia behar omen ditu arraunlari on batek, eta ezaugarri horiek lortzeko eta maila nagusira igotzeko itxaropenik galdu gabe, lanean segitzeko asmoa du Mariezkurrenak. Eta ametsa, berriz, arraunlari gehienena: «Kontxako Bandera irabaztea».