15 000 lagun bildu ziren Hendaian urtarrilaren 23an Abiada Haundiko Treinbide berriaren proiektuaren kontra, hauen artean senpertar andana. 70 traktorek hasi zuten ibilaldia, hauen artean gure herrikoak, eta ondotik ibili ziren laborariak, saltzaileak edo herritar soilak. Denek gauza bera galdetu zuten: trein lasterra oraingo burdinbidetik pasatzea Baiona eta Biriatu artean. Lapurdi, eta Senpereko oihana zeharka lezaken linea berririk ez dute nahi. Herritarren ondoan, kaltetuak izanen diren herri guzietako eta sentsibilitate anitzeko hautetsiek mezu bera errepikatu zuten. Hautetsien multzoan Senpereko Herriko Etxeko ordezkariak agertu ziren, gehiengokoak eta abertzale zerrendakoak. Senpertar hauek mobilizaturik segituko dute berriki finkatu den kilometra bateko zabalera duen kolidorea hertsituko baita urte hondarrean, eta gisa huntan 500 metrako eremua marraztuko da. Hendaiako manifestaldia aintzin, Euskal Herria, Frantzia, Espainia eta Italiako zonbait taldek adierazpen bateratua izenpetu zuten. Beren ustez, ATHk hondamendia bertzerik ez du ekarriko, eta horren berri eman nahi diete orain Europako agintarieri.
Langileak ere karrikarat
2 000 lagunek parte hartu zuten urtarrilaren 21ean Baionan iragan zen funtzio publikoaren aldeko manifestaldian eta senpertar batzuk agertu ziren hantxe. Kezkatuak dira ez baitute batere begi onez ikusten Frantziako Gobernuaren politika. Azken urteetan 100 000 lanpostu desagertu dira erretiroa hartzen dutenen erdia ez baitute gehiago ordezkatzen. Mobilizazio horrek eragin haundia izan zuen eskola publikoetan bereziki, %70 hetsiak egon baitziren.