Gazteria triste dago berriz ere Jean Petriat lagunaren heriotzagatik. 25 urte bete berriak zituen mutikoa ongi ezagutua zen herrian, bereziki Zirikolatz euskal dantza taldeko kidea baitzen. Heriotzak bat-batean eraman du.
Bere bi arrebak bezala, Korean sortu zen Jean, eta ttiki-ttikiak zirelarik etorri ziren Senperera Petriat familiak ongi-etorria egin baitzien. Dudarik gabe, integrazioaren adibiderik onena da ongi ezagutua den familia horrena.
Jean dantzari biziki fina zen eta aurreskua da gehien maite zuen dantza. Maiz egin izan du dantza hori herriko ekitaldi nagusietan eta inaugurazioetan. Ez dugu berehala ahantziko bere parte-hartzea 2009ko urrian Zirikolatz taldeak ospatu zuen bestan. Bat-batean aspaldiko dantzariekin zonbait dantzak eman ziren eta hantxe zen lehen lerroan. Oinez gain, eskuekin ere artesa zen eta zurgintza ikasi zuen egurra lantzea biziki gustukoa baitzuen. Bere burasoak ere biziki ezagunak dira herriko bizian, elkarteetan eta parrokiaren bizian parte hartzen baitute aspalditik. Penan gelditu den familiari eta adiskideei dolumin bizienak.