Zubieta eta Aurtizko joaldunek bixita egin diete iturendarrei

Aitor AROTZENA 2010eko otsailaren 1a

Lazaro Erregerena goitiko argazkian, Joxe Martin Bereauri joareak jartzen erdian eta Iturengo joaldunak herrian barna egiten duten eskean, beheitian. TTIPI TTAPA

Guzira 60 joaldunek aurre egin diote euriari, Iturengo 26, Zubietako 20 eta Aurtizko 14

Asteburu osoan Inauteri giroan murgilduak badaude ere, astelehenean eta asteartean izaten dira Ituren, Aurtiz eta Zubietako inauteriei nortasun berezia ematen dieten et a bisitari gehien erakartzen dituzten ekitaldiak. Joaldunak bakoitza bere herrian ibili da ortzegunean hasita, baina astelehenean, Zubieta eta Aurtizko joaldunek bixita egin diete Iturengoei. Guzira 60 joaldun bildu dira, 26 Iturengoak, 20 Zubietakoak eta 14 Aurtizkoak.
Aitzinetik, Iturenerako bidean, Aurtizko elkartean salda hartu dute zubietar eta aurtiztarrek. Bien bitartean, Iturengo Herriko Etxeko ganbaran gosaltzen eta joaldunak janzteko prestaketa lanetan zebiltzan. Iturengo taldean, beteranoena Joxe Martin Bereau zen. 62 urterekin. 14-15 urterekin hasi omen zen joaldun, eta geroztik ez du inoiz ere hutsik egin. Talde buru egiten duena azken 30 urteotan Lazaro Erregerena zen. Nahiz eta tarteka janzteko traba egin, gustora zegoen ganbaran bildutako ikusle, kazetari eta kamerekin, “izugarri pozten nau hainbertze jende ikusteak” zioen.
Beteranoekin batera, gazteagoak ere bazeuden. Nafarroako bertsolari txapelketan lehen aldiz plazaratu den Egoitz Gorosterrazu bertsolariarentzat hirugarren urtea zen joaldun gisara, eta arras gustora ateratzen dela aipatu digu. Urduriago zegoen 17 urteko Xuban Altxu. Orain artean mozorroz jantzi bada ere, osabaren gomendioari segituz, joaldun atera da lehen aldiz. “Hau serioagoa da –zioen– heldu den urtean berriz ere mozorro aterako naiz!”.
Ganbaran jantzi ondotik, puxka biltzera atera dira herrian barna, salda hartu eta Latsagako zubira abiatu dira, zubietar eta aurtiztarrei ongietorria ematera. Bien bitartean, plazan mozorroak beraien zakarkeriak egiten hasi dira, hori bai, joaldunak agertu eta uxatu dituzten arte.
Asteartean, Zubietara bixita bueltatuko dute Ituren eta Aurtizko joaldunek. Kontuak egiteko tenorea ailegatuko da orduan. Zubietan asteazkenean egiten dituzte, bazkalondoan. Iturenen heldu den larunbatean eginen dute eta Aurtizen igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun