Topaguneko 20 herri aldizkarik Tokikom marka bateratua sortu dute

ttipi-ttapa 2010eko otsailaren 1a

ttipi-ttapa

Aldizkari hauen guztien titularrak Tokikomen web gunean eskura daude

DATUA
220.000 IRAKURLE dituzte Tokikom osatzen duten 20 aldizkariek elkarrekin. Horrek ematen dituen aukerak hobeki aprobetxatu nahi dituzte.

DATUA
26.000 IRAKURLE ditu TTIPI-TTAPAk, CIES etxeak egin duen ikerketaren arabera. Datu horiekin liderra da eskualdean eta Nafarroako Mendialdean.

Euskal Herriko tokiko aldizkari batzuk elkartu egin dira eta marka bateratua sortu dute: Tokikom. Eta horrekin batera Interneteko atari berria eratu dute: www.tokikom.com. Herri aldizkarien talde izaera azpimarratu, eta bide batez, bakoitzaren eremutik kanpora indartzea da Tokikom markaren helburua.

20 aldizkari
20 aldizkarik hartu dute parte Tokikom definizioan, eta tartean dago TTIPI-TTAPA. Denak euskarazko hedabideak dira eta hurbileko informazioa lantzen dutenak. Topaguneko hedabideak dira, eta irakurle kopuruaren aldetik, liderrak dira bakoitza bere eremuan. Halaxe diote egin diren azterketa guztiek (CIES, AZTIKER, IKERTALDE...). TTIPI-TTAPAren kasuan, erraterako, 2009an CIESek egindako ikerketaren arabera, 26.000 irakurle ditu. Eskualdean liderra izateaz gain, CIESek Nafarroa Garaiko mendialdean hartu duen 111 udalerrien eremuan ere irakurle gehien dituen aldizkaria da TTIPI-TTAPA.
20 aldizkariek elkarrekin, berriz, 220.000 irakurle baino gehiago dituzte, eta horrek ematen dituen aukerak ere hobeki aprobetxatu nahi dira.

web orrian denak elkarrekin
Herri informazio guztia toki bakarrean jasotzen du www.tokikom.com web orriak, 20 herri aldizkari atari berean eskura, beraz. Tokikom osatzen duten hedabideetako albisten titularrak ageri dira web horri horretan, eta  bakoitzaren gainean klikatuz gero, jatorrizko webgunera joateko aukera izanen da.

TOKIKOM OSATZEN DUTEN ALDIZKARIAK

• ... eta kitto! (Eibar)
• Aikor (Txorierri)
• Aiurri astekaria (Beterri-Buruntza)
• Aiurri hamabostekaria (Beterri-Aiztondo)
• Anboto (Durangaldea)
• Asteleheneko Goienkaria
• Barren (Elgoibar)
• Begitu (Arratia)
• Berton (Mahatserria)
• Drogetenitturri (Ermua)
• Goienkaria (Debagoiena)
• Guaixe (Sakana)
• Hernaniko Kronika (Hernani)
• Karkara (Orio-Aia)
• Otamotz (Urretxu-Zumarraga)
• Pil-pilean (Soraluze)
• Prest (Deustualdea)
• TTIPI-TTAPA
• Txintxarri (Lasarte-Oria)
• UK (Uribe-Kosta)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun