KANPAINA
Urtarrilaren 21ean abiatu zen neguko kanpaina eta apirilaren 19a izanen da erretzeko azken eguna.
DATUA
250HEKTAREA erre ziren joan den urtean Baztanen, aitzineko urtean baino %50 guttiago.
Urtarrilaren 21az geroztik abian da neguko basozaintza kanpaina, Nafarroako Gobernuak basoetan suteak prebenitzeko eta itzaltzeko egiten duen kanpaina, hain zuzen. Gainera, apirilaren erdialdera arte baliabide material eta giza baliabide gehiago jarri dituzte larreak erretzeko pizten diren suak kontrolatzeko.
Berez, erretzen duenak du segurtasuna bermatzeko erantzukizuna baina gure eskualdean Eprif taldearen laguntza izaten da horretarako. Talde hau Larrialdi Agentziako eta Ingurumen Departamentuko langileekin elkarlanean aritzen da.
Larreak erretzeko baimenak martxoaren 12ra arte eska daitezke eta erretzeko azken eguna apirilaren 19a da.
BALDINTZAK
Baimenduz gero, bertzeak bertze, ondoko baldintza hauek bete behar dira:
•Larreak erre behar diren egunean, hurbileko suhiltzaileei deitu behar zaie, toki horretan erretzea baimendua dagoen ala ez baieztatzeko eta zehazki non erreko den adieraziz.
•Landareak bakarrik erre daitezke, eta erreka, kuneta, sakabanatutako zuhaitzetan ezin da erre.
•09:00etatik 17:00etara bitartean egin behar da erretzea.
•Haizea baldin badago ez da surik piztuko.
•Erretzeko momentuan, guttienez bortz lagunek hor egon beharko dute.
Laguntza gehiago
Nafarroako Larrialdi Agentziak 28 laguntzaile kontratatu ditu aurten Oronoz-Mugairi eta Auritzeko parkeetan lan egiteko, 2009an baino lau gehiago. Gisa berean, bi parkeetan basoko autoponpa bat eta langileak garraiatzeko ibilgailu bat gehiago edukiko dute denboraldi honetan, baita zortzi zorro itzaltzaile ere.
2009KO KANPAINA
Nafarroako Gobernuko iturrien arabera, 2009ko neguko kanpainan 462 hektarea erre ziren Nafarroan, horietatik 49,6 zuhaiztiak. Sute gehienak larreak hobetzeko edo basozaintza lanetarako piztu ziren kontrolatu gabeko suteen ondorioz gertatu ziren. Baztanen erraterako, 250 hektarea erre ziren, iaz baino %50 guttiago.