Nafarroan ETB ikusten segitzeko sinadura bilketa Baztan, Bortziriak eta Malerrekan

ttipi-ttapa 2010eko otsailaren 1a

Ezkerretik eskuinera, Toni Gisbert Acció Cultural del País Valenciàren ordezkaria, Jose Mari Velez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzako arduraduna, Andres Iñigo Euskaltzaindiaren izenean eta Xabier Mendig

Valentziako Acció Cultural elkartearena da egitasmoa

DATUA
500.000 SINADURA bildu behar dira herri ekimen legegilea aurkeztu ahal izateko.

Mugarik gabeko telebista izeneko kanpaina Baztan, Bortziriak eta Malerrekara ere ailegatu da. 2007an Herrialde Valentziarrean sortu zen kanpaina hau, katalanez emititzen den  eta hainbat oztopo gainditu behar izan dituen TV3 telebista publikoaren emankizunak legez bermatzeko helburuarekin.
Baina ekimena galizieraz, euskaraz eta katalanez ari diren hedabide publikoetara ere hedatu dute. Nafarroaren kasuan, ETB ikusten segitzea da helburua, hau da, lege bidez euskarazko telebista ikusteko aukera bermatua izatea. Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Kontseiluak egin dute bat sinadura bilketa honekin eta Baztango Udalaren, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Malerrekako Euskara Zerbitzuaren bidez ailegatu da eskualdera.

Valentziatik datorrena
Valentziako PPren gobernua TV3ren seinalea eteten saiatu izan delako Acció Cultural del País Valencià elkarteak (ACPV) abiatu zuen egitasmo hau 2007an. Erregio eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunean oinarrituz, lege proiektua egin zuen, telebista publikoaren emisioa agintari politikoen borondatearen baitan egon ez dadin. Aipatu lege hori Espainiako parlamentuan landu behar denez, herritarren sinadurak biltzea erabaki zuten. Aukerarik onena Ekimen Legegile Herritarra izanen zela pentsatu zutela iritzita.
500.000 sinadura
Herri ekimen legegilea aurkezteko, 18 urtetik goitiko 500.000 lagunen sinadurak behar dira. Herrialde Katalanetan 300.000 bildu dituzte dagoeneko eta Euskal Herrian bildu nahi dira orain.
Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan otsailaren 19a bitarte egiten ahal izanen da sinadura: Baztanen udaletxean; Bortzirietan Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udaletan eta Malerrekan Zerbitzu Orokorren Mankomunitatean (Doneztebe).
Gainerakoan, Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan (Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilbo), Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan eta Iruñeko, Donostiako eta Gasteizko ordezkaritzetan eta Kontseiluaren Andoaingo egoitzan izanen da sinatzeko aukera, hauetan, otsailaren 25era arte.
Sinatzerakoan bakoitzaren datu guztiak idazteko aholkatu dute, NAN-ean ageri diren bezala. Oker bat idaztea zerrendatik kanpo uzteko nahikoa delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun