Urtarrilaren 23an abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa Aizarotzen eta nabarmentzekoa da aurten, historian lehen aldiz, hiru herritarrek parte hartuko dutela txapelketan.
Lehendabiziko azken laurdenean Iker Gorosterrazuk hartu zuen parte eta 341,5 puntu lortu zituen. Urtarrilaren 24an, berriz, Sunbillako Ulibeltzak elkartean Egoitz Gorosterrazuren txanda izan zen, eta honek 330,5 puntu eskuratu zituen.
Alazne Untxaloren bertsoak aditzeko aukera Garesen izanen dugu larunbat honetan, otsailak 6. Bertze bortz bertsolarirekin lehiatuko da Garesko udaletxeko erabilera anitzeko aretoan, 17:30etik aitzinera.
Aspalditik bertsotan
Egoitz, 1992an sortua, Basogintza ikasten dabil eta 12 urterekin hasi zen bertsotan. Orain, Oronoz-Mugairin elkartzen da bertsotan egiteko beste hainbat bertsolarirekin batera. Urtero eskolartekoetan parte hartu izan du eta aurten lehen aldiz eman du izena Nafarroakoan.
Iker anaia, berriz, irakaskuntza ikasten ari da. Gaztetatik ibilia da bertso eskolan, baina «serio» 13 urte zituela hasi zen. Aurtengoa hirugarren txapelketa du. Bi anaiak gogor dabiltza bertso munduan.
Alazne 1989. urtean jaio zen eta Haur Hezkuntza ikasten ari da. 2006an eskolarteko txapela lortu zuen eta 2007an lehen aldiz hartu zuen parte Nafarroako Txapelketan.