Dena prest dago inauterietarako. Ortziral honetan, otsailak 5, hasiko dira, eta horren seinale afaria eginen da Herriko Ostatuan.
Egun haundia, halere, larunbata izanen da. Goizean goiz, mozorrotu, taldean bildu, gosaldu eta karro gainean baserrietara abiatuko dira gazteak, batetik bertzera eskean ibiltzeko.
12 urtetik 30 urtera bitarteko 10-15 bat lagun elkartuko dira aurten ere eta musikarien laguntzarekin, egun osoa baserriz-baserri pasatu ondotik, arratsean berriz herrira bueltatuko dira.
Gauean, eskean ibili direnek eta animatzen diren gainerako herritarrek afaria eginen dute Herriko Ostatuan.
Gaztetxoak herrian
Neska-mutikoak ere eskean ibiliko dira, hauek ere mozorrotuak eta musikariekin, baina gaztetxoek herrian barna eginen dute itzulia.
Igandean, berriz, bazkaria eginen dute Herriko Ostatuan eta horrekin emanen zaie akabera aurtengo inauteriei.